
Gaur zabaldu dute Madrilen Fitur nazioarteko turismo azoka, eta azken 20 urteetan egin duten bezala, Goierriko turismo eskaintza eraman du bertara Goitur agentziak. Igandera bitartean izango dira, Euskadik duen stand-ean. Erakustoki ez ezik, harremanak egiteko tokia ere bada Fitur azoka, eta Goiturreko arduradunak Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin eta Turespaña eta Turismo Idazkaritzako arduradunekin izan dira, besteak beste.

Euskadiren stand-a hiru sailetan banatuta dago: hiriburuak, touring-a eta gastronomia, eta Goierrik hiru produktu horietan du presentzia. Hiruburuei dagokionean, Donostia turismoko bazkide da Goierri, eta bertako eskaintza turistikoan agertzen dira. Touring-ak, Euskadi zehar egin daitezkeen ibilbideen eta destino ezberdinen informazioa ematen du; atal horretan, Goierri-Tolosaldea gida eta Goierriko mapa turistikoa eraman dituzte. Azkenik, gastronomia arloari dagokionean, Goierri Gastronomika egitasmoaren informazioa jaso dute Euskadi Gastronomika gidan; bertan, eskualdeko errekurtso eta produktu turistikoak agertzen dira. Iaz aurkeztutako Basuqe Highlands mapa berria ere naturari dagokion mahaian izango da eskuragai.