Herbeheretarako beste 22 tranbia egiteko akordioa sinatu du CAFek
Beasaingo CAF konpainiak beste eskari bat lortu du Herbeheretako Utretch probintziarako. Gaur sinatu duten kontratuak, Urbos 100 motako 22 tranbia fabrikatu eta horbitzeko akordioa jasotzen du. 2015etik ari da CAF Utretcherako tranbiak egiten; orduan adostutako 27 tranbiei gehituko zaizkie eskari berrikoak. Josu Esnaola CAFeko zuzendari komertzialak eta Jaqceline Verbeek-Nijhof probintziako gobernuaren ordezkariak sinatu dute.
Utrecht probintziako Nieuwegein eta IJsselstein hirien arteko linean 30 urtez lanean aritutako ibilgailuak ordezkatuko dituzte tranbia berriek, eta zerbitzua hobetuta, linea horretako bidaiari kopurua handitzea espero dute. Hala, 2018an 35.000 bidaiari gehiago izatea aurreikusten dute. Tranbia berriek 7 modulu izango dituzte (aurrekoek 5 zituzten) eta 41 metrotik gorako luzeera hartuko dute, 500 bidaiari garraiatzeko ahalmenarekin.
Urbos 100 modeloaren ezaugarrietako bat, “energia-eragingarritasuna” dela azaldu dute CAFeko iturriek. Balazta birsortzailea, LED argiztapena dituzte, eta energia-kontsumoa are gehiago murrizten duen sistema bat instalatzeko prestatuta daude. Sistema berri horrekin, tranbiak aireko katenariarik gabe funtzionatu dezake, gainera.