Enpresaren egoera ekonomikoa ona dela azaldu dute, baina "diruaren gainetik, eskubide sozialak" bermatzea nahi dutela
Itsasondoko Jaso Industrial enpresako langileek 26. greba eguna izan dute gaur, eta asteroko manifestazioaren ondoren, egoeraren berri emateko agerraldia egin dute Ordiziako plazan. Enpresaren egoera ekonomikoa ona dela azaldu dute, baina zuzendaritzak ez duela adostasunetara iristeko jarrerarik erakusten. 2015ean, aurreko urtearekin alderatuta, enpresaren fakturazioa %32,4 igo zela diote, baina gastu soziala %26,4 izatetik %20 izatera pasa zela. “Nola ulertzen da enpresak etekinak izan eta egoera honi irtenbide bat ez ematea” galdetu dute.
Negoziazioetan ari badira ere, “soilik gaixotasun bajetan eta nominaren homegeneizazioan ados jartzea” falta zaiela azaldu dute. Langileek eskatzen dutena betetzea, enpresarentzat 20.000 euroko gastua suposatzen duela diote. Diru hori igoera salarialetatik konpentsatzeko proposamena egin diote zuzendaritzari, baina honek ezezko erantzuna eman die. “Diruaren gainetik, eskubide sozialak nahi ditugu”. XXI. mendeko “enpresa aurrerakoiek” bezala funtzionatu beharrean, “urteetan atzera” egiten ari direla salatu dute. “Nagusiak enpresa aurrera eramateko gure laguntza nahi badu, izango du, behar duen guztia”. Baina azken hilabeteetako jarrerarekin “harremanak gaiztotu eta barne lehiak” areagotzea leporatu diote. Azkenik, Jasoko batzordeak “errespetatua izan arte” lanuzteekin jarraituko dutela azaldu du.