Argazki zaharren artxiboa osatzeko herritarren laguntza eskatu du Ordiziako Udalak
Emakumeen bazkaria Zubizarreta Ostatuan,1930-40
Ordizia bere sorreraren 750. urteurreneko prestaketekin hasi da, izan ere, 2018an ospatuko baita efemeride garrantzitsu hori. Horren inguruan antolatutako ekimenetako bat, udalerriko eta ordiziarren argazki zaharrak biltzea izango da. Astero irudi berri bat argitaratzeko asmoa du Ordiziako Udalak eta hiribilduaren memoria historikoa osatzea izango da funtsa.
Helburu hori arrakastaz lortzeko herritarren laguntza izatea ezinbestekoa izango da, hori dela eta, une honetatik aurrera herritarrei dei egiten zaie, ekimenean parte hartzera.
Horrela bada, argazki zaharren artxiboa osatzeko argazki baliagarriren bat duten pertsonek, eskaneatuta bidali beharko dute kultura@ordizia.eus epostara edo Barrena Kultur Etxera eraman dezakete eta bertan kopia bat egingo da. Ahal bada, irudian azaltzen diren toki edo pertsonei buruzko informazioa, data eta gertaerari buruzko informazioa bidaltzea eskertuko dute.