Beheko solairuan kokatu dira bulego berriak. Herritarren Arreta Zerbitzutik dute sarrera, Plazaola kale aldetik. Bi gizarte langile arduratuko dira zerbitzuetaz lehen bezala
Obrak amaituta, Gizarte Zerbitzuak itzuli dira udaletxera Legazpin. Iazko ekainean Gizarte Zentrora jubilatuen etxera lekualdatu zituzten bulegoak udaletxeko beheko solairu osoa birmoldatu behar zela eta. Sei hilabete eta gero hasi dira zerbitzua ematen bulego berrietan.
Lehen bezala, udaletxeko beheko solairuan daude kokatuta Gizarte Zerbitzuak, baina orain sarrera Herritarren Arreta Zerbitzu berritik dute, Plazaola kale aldetik. Lehen sarrera propioa zuten, udaletxe atzealdetik. Kokapen berriarekin Gizarte Zerbitzuak «dignifikatu» egin dituztela esan zuen Koldobike Olabide alkateak azaroaren amaieran udaletxeko sarrera berria erakusteko egin zuten ate irekien jardunaldian. Orduan lan guztiak amaitzeke zeudela eta Gizarte Zerbitzu berriak irekitzeko bi hilabete beharko zirela aurreratu zuen. Agindu bezala, bi hilabetera, ireki dira bulego berriak.
Fisikoki ez ezik, funtzionalki ere Arreta Zerbitzuan integratu dira gainera. Izan ere, hemendik aurrera, bertan jasoko dute lehen arreta herritarrek, eta bertan emango zaie eskatzen duten informazioa edo, hala badagokio, gizarte langileekin egoteko hitzordua. «Herritarrei zerbitzu hobea eskaintzearren» integratu dira Gizarte Zerbitzuak arreta gunean, Javier Iraeta Herritartasuna alorreko zinegotziak azaldu duenez.
Bi gizarte langile
Iraetak bulego berrietan lehengo zerbitzu berberak eskainiko direla ere azaldu du, udaleko prozeduren eskuliburuan jasota daudenak, alegia. Lehen bezala, zerbitzuak eskaintzeaz bi gizarte langile, Lurdes Garcia eta Arantxa Aldabe, arduratuko direla gaineratu du eta bulegoen ordutegia zein den ere zehaztu du: 07:30etik 15:00etara.