Hotzak eragindako hutsak
Mahai asko hutsik izan diren bitartean, baldintza egokigoen eskaria nagusitu da saltzaile eta bezeroen artean. Erretxina eta gatzagia nola erabili erakusteko prest dira saltzaileak.
Zero eta bataren arteko dantzak goiz osoan iraun zuen plaza inguruko termometroetan. Goizeko haize firfirak nabarmen areagotzen zuen, gainera, hotz sentsazioa. Mahai asko hutsik ikusten ziren, eta baldintza egokigoen aldarriak indarra hartu zuen. Azoka honek duen historia luze eta aberatsak eta eragin mediatikoa kontuan hartuta, bertan astero daudenekiko goxotasunaren aldeko apostu serioa merezi duela, berogailua, haizearen kontrako babesa… Azken urtetan Beasainen edota Tolosan egin diren aurrerapenak eredu, onura denei lekarkie, saltzailei zein bezeroei, aho batez ziotenez.
Eguraldi hotzari aurre egiteko berogailu eta gainerako trikimailuez gain, mate beroa ohiko moduan eta gainera gengibre gozo puskaz eskaintzen zituzten Uliako Labeakoek. Janari beroa eta indar handikoa dela eta, atzoko giroari aurre egiteko aproposa zen.
Janaren kultura ezberdina
Joan zen astean aurkeztu zigun Arantza Zurutuzak pe-tsai barazkia. Atzo, gu geu izan ginen lekuko, ze poz aurpegia jarri zuen Ordizian bizi den Suong vietnamiarrak ‘cai xanh’ hori ikusi zuenean, eta baita laster erosi ere. «Langostinoak edo otarraixkak lagun, arrain zopa antzekoa oso goxoa geratzen omen da, bai behintzat gure herrian prestatzen dena. Ea nik ere hain goxoa lortzen dudan hemen barazki hau ez baitut sekula ikusi» zioen. Hemengoentzat ez ohiko gustua du. Batzuen eta besteen saiakerekin errezeta berrien bidea irekitzen da.
Beste eginkizun batzuk ikasteko ere gune bikaina da feria, txertoak nola egin esate baterako. Erretxina salgai da eta irakasle egokiak piska bat galdetuz gero, laster topa daitezke Ordizian. Edota gatzagi naturalari buruzko informazioa, ezagutzari eta erabilerari buruzko azalpenak emateko Axun Etxeberria bide lagun egokia hortxe da.
Urteurren hotza ospatu du feriako harakinak
2012ko urtarrilaren 18an etortzen hasi zen Juan Ramon Lizarraga Leizaola Leitzatik. Gaur egun, postuan jarri ohi duen hozkailu txikian inork eskaintzen ez duen hanburgesa eta lukainka ezberdinen aukera handia du besteak beste.