Emma Garcia telebista aurkezle ordiziarrak Goierriko txotx denboraldia ireki du
Emma Garcia telebista aurkezle ordiziarrak Goiturreko kide diren zazpi sagardotegien txotx denboraldia ireki du gaur, Legorretako Aulia sagardotegian. Ekitaldian Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak eta zazpi sagardotegietako ordezkariek parte hartu dute. Aurten 500.000 litro ekoiztu dituzte, iaz bezala gutxi gorabehera.
Goiturreko kide diren zazpi sagardotegi hauek ekoizleak dira: Altzagako Olagi, Ataungo Urbitarte, Legorretako Aulia, Olaberriako Etxe Zuri, Ordiziako Tximista eta Zeraingo Oiharte eta Otatza. Aipatzekoa da Oihartek apardun sagardoa ere egiten duela eta Urbitartek ondua. Olagi, Tximista, Oiharte eta Otatza duela gutxi sortu den Euskal Sagardoa jatorri izendapenaren barne daude.
Osinaldek sagardoak produktu turistiko bat sortzeko balio duela gogoratu du. “Sagardoa Goierrin egun batzuk pasatzeko aitzakia bikaina da”, esan du. Auliako Iñaki Begiristainek aurtengo sagardoari buruz hitz egin du. “Uda beroa eta lehorra izan denez, uzta txikia baino kalitate handikoa izan da. Sagardoak txinparta handia, gorputza eta usain garbia ditu. Sagardo ona da”.
Garcia oso pozik azaldu da. “Goierrikoa izateaz oso harro nago. Azken 18 urte hauetan denetik egin dut, baina hauxe falta zitzaidan: txotx denboraldia irekitzea. Aste guztian eztarriko arazoekin ibili naiz eta lankideek ez zuten ulertzen zergatik etorri behar nintzen Legorretara etxean lasai gelditu beharrean. Gaur Legorretara etortzea betebeharra, ardura, ohorea… dela esan nien. Sagardoarekin ahotsak hobera egitea espero dut”.