Goierri garaia mailako kanpaina izango da, bi taldeek elkarlanean antolatutakoa .Beste kanpainetan ez bezala, ekarpen ekonomikoa eskatuko zaie oraingoan herritarrei
Siriako errefuxiatuen alde lan egiten duten boluntario taldeek, Legazpiko Hotz Legazpi eta Urretxu eta Zumarragako SOS Siriak, kanpaina berri bat jarriko dute abian otsailean. Europako ekialdean negu gogorra izaten ari da aurtengoa, eta Hotz Legazpiko Jone Beitialarrangoitiak adierazi duenez, «hotzak eragindako beharrak» bideratu asmoz antolatu dute kanpaina berria.
Kanpaina berriaren xedea Siriako errefuxiatuei ahalik eta lo zaku eta manta gehien bidaltzea izango da. Oraingo honetan herritarrei ez zaie etxean dituzte lo zakuak eta mantak emateko eskatuko —nahiz eta eramaten direnak gustu handiz hartuko dituzten—, «materiala erosteko ekarpen ekonomiko bat eskatuko dugu», zehaztu du Beitialarrangoitiak.
Hala, datozen otsailaren 1ean eta 8an Laubiden (17:00-20:00), eta 3an eta 10ean Legazpiko azokan (10:00-13:00) mahai informatiboak jarriko dituzte Legazpin. Otsailaren 11an bilketa orokorra egingo dute pilotalekuan (11:00-14:00). Urretxu-Zumarragan hilaren 9an eta 16an Urretxuko azokan (10:00-13:00), 10ean eta 17an Areizaga-Kalebarren plazan (17:00-20:00) eta 11n eta 18an Zumarragako azokan (10:00-13:00) jarriko dituzte mahaiak.
Elkarlana, bide onetik
Goierri garaia mailako kanpaina izango da, Hotz Legazpik eta SOS Siriak elkarlanean egiten duten bigarrena. Lehendabizikoa pasa den urteko ekainean amaitu zen Siriarako Antibiotikoak izenekoa izan zen. Kanpaina arrakastatsua izan zen. Bidalitako botika eta materiala 14.724 euroan baloratu dute.
SOS Siriako Monica Leivak bi elkarteen arteko elkarlana «oso emankorra» izaten ari dela esan zuen, eta azken urteko balorazio «oso positiboa» egin zuten bi taldeetako ordezkariek.