Ibarrako taldea izan da finalerako sailkatu diren taldeetako bat. Bertan aritzen da Aritz Ugarte idiazabaldarra.
Euskal Herriko goma gaineko Sokatira Txapelketako saioa jokatu dute gaur Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan. Gizonezkoetan, sei talde sailkatu dira finalerako: Murueta, Ibarra, Sokarri, Zuraide, Abadiño eta Beti Gazte. Emakumezkoek, ligaxkako beste saio bat jokatu beharko dute, finalaren aurretik.
Gizonezkoen 11 talde aritu dira lehian, finalerako postu baten bila. Ibarra eta Mutriku Gipuzkoatik, Abadiño, Murueta (A eta B), eta Sokarri Bizkaitik, Gabadi, Ñapurrak eta Zuraide Lapurditik, eta Beti-Gazte Nafarroatik. Asturiasko 6 Conceyos taldea ere parte hartzen ari da txapelketan, baina gaur ezin izan dute Idiazabalera etorri. Emakumezkoetan berriz, hiru talde, Gaztedi, Ibarra eta Txantrea aritu dira nor baino nor; aurreneko biek lortu dituzte emaitzarik onenak.
Ibarra taldean aritzen da Aritz Ugarte idiazabaldarra, eta bera aritu da Idiazabalgo saioa antolatzeko lanetan. Gizonezkoen hamaika taldeak bi multzotan banatu dituzte, eta horietatik sei datorren asteburuan Derion (Bizkaia) jokatuko diren finalerako sailkatuko direla azaldu du.
Sokatiraren egoeraz galdetuta, “jende gutxi” dabilela dio. “Gipuzkoan bi talde aritzen gara goman, lehen Mutriku zen bakarra eta orain gu ere hasi gara, eta pike pixka bat sortu da behintzat”.