Ampo Ordizia eta VRAC Quesos Entrepinares taldeen arteko partida atzo, Altamiran. // Argazkia: Ainhoa Muriel
Ohorezko mailako oilarretako bat, VRAC Quesos Entrepinares hartu zuen atzo Ampo Ordiziak, Altamira zelaian. Ligako aurreko postuetako borrokan ari da Valladolideko taldea, eta hori nabaritzen da. Ampo Ordiziak bere aurpegirik onena erakutsi zuen atzoko partidan, eta aurre egin zion VRAC faboritoari. Partida une askotan oso parekatua eta emozio handikoa izan zen. Emaitzak ez zion lagundu ordea, etxeko taldeari; VRAC-ek baloia denbora gehiagoan izan zuen, eta bere aukerak hobeto aprobetxatzen jakin zuen; azkenean, 6-13 galdu zuten ordiziarrek.
Datorren asteburuan, Katalunia aldera joko dute berriz Ampo Ordiziako mutilek. Kopako partida jokatuko dute Santboianaren kontra. Final erdietako kanporaketa da, eta partida bakarrean erabakiko da. Igandean izango da, 12:00etan, telebista emisioa dela eta ordua aldatzen ez bada behintzat.