Ampo txirrindulariak, atzo, podiumeko koska gorenean. Arg. /GTXE
Junior mailako Ampo taldeak kluben arteko Gipuzkoako Kopa irabazi du, pista estalian. Antonio Elortza belodromoan jokatu zen atzo 2. jardunaldia, eta aurreko saioko puntuak batuta, Goierriko taldea igo da podiumeko koska gorenera. Ampok 81 puntu pilatu ditu, Donosti Berri bigarren sailkatuak 67 eta Limousinek 51, hirugarren geratuz. Hauxe da Ampo taldeko txirrindulari boskotea: Xabier Mikel Azparren, Jon Arakama, Aitor Garmendia, Aritz Urra eta Mikel Alonso.
Taldekako jazarpen proban lehen postua lortu du Ampok, eta bigarrena izan da abiadurakoan. Bakarkako probetan, jazarpenean bigarren izan da Jon Arakama; japoniar erakoan, Xabier Mikel Azparren 2. sailkatu da, Mikel Alonso seigarren eta Aitor Garmendia bederatzigarren; Keirin proban, Arakamak 6. postua lortu du; eta azkenik, daniar erakoan, Xabier Mikel Azparren 2. sailkatu da, Jon Arakama hirugarren eta Aitor Garmendia hamabigarren.
Otsailaren 19an, Donostiako Anoetako belodromoan, Euskadiko txapelketa jokatuko dute.