Berrikuntzaren aldeko apustua azpimarratu du Aizpuruk GH lantegira egindako bisitan
Gipuzkoako Foru Aldundiko ekonomia eta finantza arduradunek Beasaingo GH enpresaren instalazioak bisitatu dituzte gaur, jasogailu adimentsuen alorrean konpainiak egindako berrikuntzak ezagutzeko. Aldundiko iturriek azaldu dutenez, “bere instalazioen modernizazioa eta ekoizpen prozesuen automatizazioa bultzatzeko lanean buru-belarri” dihardu GH enpresak, eta “nazioarteko merkatuetan duen presentzia” indartzen ari direla azpimarratu dute.
Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatua eta Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantza diputatua, Jose Antonio Guerra zuzendari nagusiarekin eta GHko zenbait arduradunekin bildu dira. Bilera horretan, Aldundiko ordezkariek Ekonomia Suspertzeko Planaeta enpresaren 2016-2020ko Plan Estrategikoan jasotako helburu nagusiak azaldu dizkiete.
Ainhoa Aizpuru diputatuak “berrikuntzan egindako apustuen beharra” azpimarratu du, nola produktuetan, nola ekoizpen eta kudeaketa sistemetan, eta “gure enpresen lehiakortasuna sendotzeko egin beharreko bidea” hori dela azaldu du. “Industria produktuei balio erantsia emateko ezinbesteko bidea bilakatzen ari da, produkzio hutsetik harago joanez eta Gipuzkoan negozio eredu lehiakorrak sendotzeko ia bide bakarra bilakatuz. Gure lurraldea prest dago, pausoak ematen ari gara iraultza berri horretara egokitzeko, industria sendo bat daukagulako, industria eredu berri honetan lidergoa hartzeko prest”. Eraldatze horretan, aldundiak eta berak ordezkatzen duen sailak “enpresak babesteko determinazio erabatekoa” dutela azpimarratu du Aizpuruk.