Idiazabalgo jaiak azken txanpan sartu dira
Bi egun geratzen zaizkie Idiazabalgo San Blas festei, aurtengoa egiteko. San Blas bigarrena ospatzen ari dira, larunbat honetan. Eltziegoko herritarrak eta taldeak gonbidatu dituzte. Hango dultzaineroen kalejirak hasi du festa-eguna, 10:00etan. Arabako Errioxako herri horretako produktuen dastaketa, hango dantzarien ikuskizuna eta herri bazkaria izan dira, gero.
Arratsaldean, 17. Goitibehera jaitsiera hasi da, Gurutzetatik behera. Euskal Herriko gidariak eta taldeak elkartu dira, aurten ere. Entrenamenduko proba bat, eta erlojupeko bi jaitsiera egingo dituzte, arratsaldean zehar. Modalitate ezberdinetan ari dira lehiatzen, euripean.
Arratsalderako, profesionalen pilota partidak daude, Igarondon. Binakako Txapelketako partida ofiziala jokatuko da, tartean: Altuna III.a-Barriola / Artola-Albisu. Iluntzean, Xaiborrekin animazioa (18:30, frontoi zaharrean), herri afaria plazan (21:30) eta Hell Riders eta Altxatu taldeen kontzertua (23:30) izango dira, Idiazabalen.
Biharko egitaraua (otsailak 5, igandea):
- 11:00. Bola lehiaketa.
- 12:00. Dantza ikuskizuna, Igarondo pilotalekuan.
- 14:30. Bertso bazkaria, Amets Artzallus eta Andoni Egaña. Pilarrenean.
- 17:00. Umeen pilota partidak, Igarondon.
- 18:30. Herri kirolak, frontoi zaharrean.
- 19:00. Izer eta Alabier trikitilariak, dantzaldia, Goierriko Erromeria Birakoa. Sagardoa, taloak.
- 20:30. Axariaren igoera.