Lehenengo aldiz, larunbatean azoka egin dute Beasainen
Beasaingo Loinazko San Martin plazaren azpian ezohiko itxura eduki du, gaur, larunbat bat izateko. Nekazaritza eta lehen sektoreko salgaien azoka egin dute. Ohitura, joan direneko 101 urteetan, astearteetan izaten da Beasainen asteko merkatua. Eta aurrerantzean ere hala jarraituko du; baina ez astearteetan bakarrik. Udalak bultzatuta, hileko lehenengo larunbatetan salpostuak jarri, eta jakiak erosteko aukera izango da.
Asteateetako azokari leku kendu gabe, larunbatetan jende gehiagok duela libre, eta erosketak azokan egitera bultzatu nahi du ekimen berriak. Aukera ipini, behintzat. Bertako produktuak, bertan erostearen ohitura belaunaldi gazteagoek ere har dezaten lortu nahi da.
Saiakerarekin gustura ziren baserritarrak eurak. Gutxi batzuek larunbatero jartzen dute mahaia, barazki freskoak saltzeko. Orain, hilean behin behintzat, “konpainia gehiago” izango dutela eta, aldeko iritzia zeukaten. Erosleen artean denetik entzuten zen. “Ez dakit nik feria honek…”, zioen emakume batek, zalantzati. Batez ere barazkiak erosten, hala ere, ikusten zen jendea.
Lehenengo esperientzia gisa, dozena bat saltzaile gonbidatu dituzte feriara, gehienak Beasaindik kanpokoak. Hasiera gisa, festa giroko egitaraua ere antolatu dute Beasainen, Loinazko San Martin bezperarako. Udaletxepeko arkupean bolatoki muntagarria jarri dute, eta bola lehiaketa izan da eguerdian. Arratsaldean haurrek ibili ahalko dute. “Baratze didaktikoa” tailerra burutu dute, Ostadar taldeko dantzariak, txistularia eta Goierriko Bertso Eskolako lagunen saioa ere izan dira, baita musika eskolako trikiti-pandero jotzaileak ere.
Arrastaldean, azoka gastronomikoa izango da (17:00etan), musika kontzertua (17:30) eta Loinatz abesbatzaren emanaldia (20:00).