'Ardoaren sare-e(t)nologia Arabar Errioxan' proiektua lagundu du. Bost urteko etenaren ondoren, atzera abian da ikerketa etnologikoa. Urteko aurrekontua ere onartu du fundazioak
Barandiaran Fundazioak izendatu du zein proiektuk jasoko duen 2016ko beka deialdiko laguntza:
Ardoaren sare-e(t)nologia Arabar Errioxan: Materialtasuna, agentzia eta ondarea lanari eman diote. 11 lanen artean aukeratu dute, eta abenduaren 26ko batzarrean erabaki zuten fundazioaren arduradunek.
Iban Aiesta, Josu Ozaita eta Edurne Urrestarazu ikertzaileek landuko dute Arabako Errioxako ardogintzaren etnologia, orain. Urtebeteko epea daukate lana gauzatzeko. Irakaslea da bat, eta ikasleak beste biak.
Gaiaren egokitasuna, taldearen osaera, proiektuaren ikuspuntua eta hizkuntza —euskaraz egingo dute— goretsi ditu epaimahaiak, saritzerako orduan: «Etnologiaren parametroetara eta ondarearen ideiara egokitzen da, bete-betean. Gainera, proposatutako ikerketa-eremua (Arabako Errioxa) antropologikoki gutxi ikertu den tokia da».
Barandiaran Bekaren deialdia 1980an sortu zuten. 2011tik egin gabe zegoen, eta iaz egin zuen atzera fundazioak. Deialdia «oso mamitsua» eta «maila altukoa» izan dela dio. 10.000 euroko diru-hornikuntza izango dute ikertzaileek, saritan.
Aurrekontua, Sara etxean
Iazko azkeneko batzarra Ataungo Sara etxean egin zuen Barandiaran Fundazioak, urrian. Tartean, 2017rako aurrekontua han onartu zuten. 2016ko emaitza ekonomikoaren berri, eta
Eusko Folklore urtekariaren egoera ere azaldu zitzaien patronatu kideei.
Honako batzarkideek osatu zuten fundazioaren patronatua: Igone Martinez de Luna (Arabako Kultura diputatua), Fernando Perez (Nafarroako Kultura zuzendaria), Jose Manuel Bujanda (Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria), Asier Rodriguez (Ataungo alkatea), Karmele Aierbe (Ataungo Kultura zinegotzia), Joxemari Velez de Mendizabal (Fundazioaren lehendakaria), Arantza Cuesta (idazkaria) eta Jexux Aizpurua. Fundazioaren idazkari tekniko Zuriñe Velez de Mendizabal ere bileran izan zen.