Gipuzkoako Naturkonek elkarretaratzea deitu du Donostian larunbatean Aralarko "kudeaketa traketsa" salatzeko
Gipuzkoako Naturkon koordinakundeak, Aralar Natur parkearen erabiltzaile eta lagunak deitu dituzte datorren larunbatean, otsailaren 11n, eguerdiko 12etan, Gipuzkoa plazan izango den elkarretaratzera, Foru Aldundia “egiten ari den Aralar Natur Parkearen kudeaketa traketsa, baldarra, desegokia eta arriskutsua” salatzeko eta pisten proiektuak “sortu duen gatazka bidera dezan”. Horretaz gain, herritarrak Aralar Natur Parkea “beren nortasunaren ezaugarri bezala senti dezaten lanean has dadin” eskatuko diote Foru Aldundiari. Herritar guztiei luzatzen zaie elkarretaratzera joateko deia, “bereziki Enirio-Aralar mankomunitateko herritarrei”.
Bestalde, Goierrin Aralar Bizirik plataformak eta Landarlan Ingurumen Elkarteak, bihar, osteguna, informazio bilera egingo dute Itsasondoko kulturgunean, 19:00etan, Aralar Natur Parkeaz eta pista proiektuaz herritarrei informazioa luzatzeko.