Bihar hasiko da Karmakros antzerki taldearen Antzezmotz lehiaketa
Urretxu eta Zumarragako Karmakros antzerki taldeak Antzezmotz lehiaketaren hirugarren edizioa antolatu du. Lehen kanporaketa bihar jokatuko da, 20:30ean, Urretxuko Labeaga aretoan. Antzezlan laburren lehiaketa honetan iaz baino kanporaketa bat gutxiago
Urretxu eta Zumarragako Karmakros antzerki taldeak Antzezmotz lehiaketaren hirugarren edizioa antolatu du. Lehen kanporaketa bihar jokatuko da, 20:30ean, Urretxuko Labeaga aretoan.
Antzezlan laburren lehiaketa honetan iaz baino kanporaketa bat gutxiago egongo da eta emanaldiak bi ordu lehenago hasiko dira. Helburua ikusle gehiago erakartzea da.
Antzerki taldeek beraiek idatzitako obrak antzeztuko dituzte, gutxienez 8 minutuko luzera dutenak eta gehienez 15 minutukoak.
Kanporaketa bakoitzean lau taldek parte hartuko dute. Bihar, Irun eta Errenteriako Dosekilibrados taldeak El club de los mentirosos antzeztuko du, Zumarragako Deblacks-ek La plaza, Gasteiz eta Arrasateko Artekok Aukerak eta Tolosa eta Bergarako Carambola-k ¿Subes?
Otsailaren 17an Berrobiko Tetris taldeak Aingerutxoak lana antzeztuko du, Lezoko Cia, la que tu me haces-ek Kronoscopia, Donostiako La niña de fuego-k Mi mascara eta Donostiako Manos que rien-ek La gabardina.
Azken kanporaketa hilaren 24an izango da. Bilboko Con la que esta cayendo taldeak El tren de la vida lana antzeztuko du, Eibar, Bergara eta Hendaiako lagunek osatzen duten Berriz topatzianek Berriz topatzian, Zumaiako Zanzara-k Inor ez dator eta Eskoriatzako @r-emociones-ek Desbloqueados.
Finala, martxoaren 10ean
Kanporaketa bakoitzeko talde onenak finalerako txartela lortuko du. Finala martxoaren 10ean jokatuko da, ordu eta toki berean.
Aurten hiru kanporaketa egongo dira, aurreko bi urteetako lauen ordez. Gainera, saioak bi ordu lehenago hasiko dira. Aldaketa horien helburua ikusle gehiago lortzea da eta horretarako kanporaketak laburragoak izango dira: aurten gonbidatutako antzerki taldea amaieran bakarrik irtengo da agertokira, epaimahaia eztabaidatzen ari den bitartean. Bestalde, Urretxu eta Zumarragako udalen laguntzari esker, sarrera doan izango da.
Sariei dagokienez ere berrikuntzak egongo dira. Lehen saria 800 eurokoa izango da eta bigarrena 400ekoa. Gainera, lehiaketako aktore onenarentzat, gidoi onenarentzat eta euskarazko lan onenarentzat sariak egongo dira. Azken sari hori 200 eurokoa izango da eta beste hiruak 100 eurokoak.
Karmakros taldeko Patxi Remiro gustura ageri da taldeen erantzunarekin, baina euskaraz lan egiten duten talde gutxik izena eman dutelako penatuta ageri da. «Iazko talde kopuru berak eman du izena, gutxi gorabehera, baina euskarazko gehiagok izena ematea gustatuko litzaiguke».