Irizar Taldeak 580 milioiko fakturazioa izan du, eta hazten jarraitzen du
Egoitza nagusia Ormaiztegin duen Irizar Taldeak hazten jarraitzen du. 2016. urtea 580 milioi eurotik gorako fakturazioarekin itxi du, eta Ormaiztegiko lantegiaren fakturazioa talde osoaren %50 izatera iritsi da. Hazkundearen arrazoia, “produktu propioen hazkundearen estrategia egonkortu izana” dela azaldu du enpresak. Hala, autokar integralak enpresa nagusiko autokar produkzioaren %25 dira egun.
Espainiako merkatuan “lider posizioa” berretsi du berriz ere Irizarrek, %40ko merkatu kuotarekin. Nazioartean ere, gero eta herrialde gehiagotara iristen ari da Irizar taldea, eta iaz, Estatu Batuetako merkatuan lehen salmentak egin izana nabarmendu du, baita i6 autokar integralak merkatu hartan izandako harrera ona ere. Mexikon berriz, lehen autokar integralak entregatzen hasi dira, eta 2017rako aurreikuspenak “ezin hobeak” direla diote, une honetan duten eskaera zorroan oinarrituta.
Brasilek “krisi sakonean murgilduta” jarraitzen duela azaldu du konpainiak, baina era berean, Mexikoko lantegiak hazkunde handia izan du, eta dagoeneko 1.000 autokar fabrikatu dira bertan. Bolumenari dagokionez, “marka historikoa” dela azaldu dute taldeko arduradunek.
Marokon ere “produkzio marka hautsi” dute 2016an. Batetik, herrialdeko luxuzko merkatuari erantzuten asmatu dutelako, eta bestetik, Ormaiztegiko lantegiarekin elkarlanean Europako merkatuetarako Century modeloa fabrikatu dutelako.
Azken urteetan Irizarrek martxan duen marka estrategiaren ondorioz, “produktuen balio erantsia hazi” egin dela azaldu dute. Izan ere, berrikuntza eta teknologia “gero eta faktore erabakigarriagoak” dira taldearen estrategian.
Bide horretatik, Irizar Emobility sortu dute. Adunan kokatuko da enpresa berria, eta “produkzio planta bukatzear” dagoela eta maiatzean martxan jarriko dutela azaldu dute.
Irizarren fakturazioa 2016ko fakturazuia: 580 milioi eurokoa izan da. Horrela banatuta: · %50 Irizar Ormaiztegi · %30 Atzerriko lantegiak · %20 Gainerako enpresak