Sagarrondoak, euskara ernetzeko
Baionan eraikitzen ari diren Bernat Etxepare Lizeoa diruz laguntzeko Hazten gaitu, hazten dugu kanpainaren ekitaldia egin zuten atzo arratsaldean Segurako plazan. Ziento erdi sagarrondo landare inguru –Urtebi txiki, Urtebi handi, Goikoetxea…– saldu zituzten antolatzaileek. Segurara inguratu ziren goierritarrek Segurako Hitz edo Irri, Euskaraz elkarri elkarteak, Iparra-Hegoak eta Elorri elkarteek eta zenbait norbanakok egindako pintxoak dastatu, eta Lizeotik joandako 20 gaztek jarritako giro alaiaz gozatu ahal izan zuten. Antolatzaileak gustura daude ekitaldiak izan duen harrerarekin. “Sagarrondoak emango dituen fruitu berrien ikusminaz, esperantzaz eta Ipar Euskal Herriraino iritsiko den arnasaz betetako arratsaldea izan zen”.