Carambola, Antzezmotzeko lehen kanporaketan nagusi
Ostiral iluntzean antzerki laburren Antzezmotz lehiaketako lehen kanporaketa jokatu zen Urretxuko Labeaga aretoan. Epaimahaiaren esanetan, Tolosako Carambola taldeak egin zuen lanik onena. Zumarragako Deblacks taldeak, Gasteiz eta Arrasateko Artekok eta
Ostiral iluntzean antzerki laburren Antzezmotz lehiaketako lehen kanporaketa jokatu zen Urretxuko Labeaga aretoan. Epaimahaiaren esanetan, Tolosako Carambola taldeak egin zuen lanik onena. Zumarragako Deblacks taldeak, Gasteiz eta Arrasateko Artekok eta Irun eta Errenteriako Dosekilibradosek ere parte hartu zuten.
Tolosarrek komedia bat egin zuten, clown ukituarekin. Zumarragarrek amaiera harrigarria zuen komedia bat egin zuten. Arteko taldeko nesken lanak ere ikusleen harridura piztu zuen. Izan ere, dramatizazioa eta dantza uztartu zituzten. Dosekilibrados taldekoek ere komedia bat egin zuten, baina sakontasun handikoa.
Epaimahaia Karmakros antzerki taldeko Mary Francok, Egoitz Aizpuru bertsolari oñatiarrak eta Segura Irratiko Iñigo Etxenikek osatu zuten. Epaimahaiak ia aho batez hartu zuen bere erabakia eta, antolatzaileen esanetan, ikusleei ere asko gustatu zitzaien Carambola taldearen antzezlana.
Antolatzaileak, Urretxu eta Zumarragako Karmakros antzerki taldeko kideak, oso gustura ageri dira. «Herritar asko etorri ziren Labeaga aretora eta eskerrak eman nahi dizkiegu. Ea bigarren saioan ere horrenbeste jende elkartzen den. Arbizu eta Buen Bokado enpresei ere eskerrak eman nahi dizkiegu, eskainitako laguntzagatik».
Bigarren kanporaketa ostiral honetan izango da, 20:30ean. Berrobiko Tetris taldeak Aingerutxoak lana antzeztuko du, Lezoko Cia, la que tu me haces-ek Kronoscopia, Donostiako La niña de fuego-k Mi mascara eta Donostiako Manos que rien-ek La gabardina. Azken kanporaketa hilaren 24an izango da. Bilboko Con la que esta cayendo taldeak El tren de la vida lana antzeztuko du, Eibar, Bergara eta Hendaiako lagunek osatzen duten Berriz topatzianek Berriz topatzian, Zumaiako Zanzara-k Inor ez dator eta Eskoriatzako @r-emociones-ek Desbloqueados.