Goierri Gorri sendo agertu da etxean, eta 3-0 irabazi dio Pauldarrak taldeari
Pasa den asteburuko atsedenaren ondoren, indartuta itzuli dira Goierri Gorri taldeko neskak. Azken asteetako emaitzak ahaztu eta merezitako garaipena lortu dute. Taldeak itxura sendoa eman du zelaian, eta 3-0 mendean hartu du Pauldarrak B taldea. Garrantzi handiko hiru puntu lortu dituzte goierritarrek, sailkapeneko atzeko postuak gertu zituzten eta.
Ondo kokatu zen zelaian Goierri Gorri lehen minututik, baita bizkaitarrak ere. Baloia mugitzea gustatzen zaie kanpokoei, baina ez ziren itsutu goierritarrak horrekin. Denbora aurrera joan ahala, aukerak areagotzen joan ziren etxekoak eta lehen zati erdialdean 1-0ekoa egin zuen Ane Lopezek. Taldeak berdin jarraitu zuen aukera gehiago sortuz baita zutoinera baloia bidaliz ere, baina azken 10 minutuetan arriskua sortu zuen Barakaldoko taldeak. Ez zuten lortu berdintzerik eta atsedenera gol bateko abantailaz joan ziren gorriak.Itzuleran gola bilatzen jarraitzen zuten kanpokoek eta saiakera bete betean zeudela, Ane Lopezek egin zuen goierritarrentzat bigarrena; 2-0. Partida erritmoz igo zen orduan, joan etorri askoko minutuak izanik. Baina etxekoek jakin zuten hau jaisten, eta komeni zitzaien jokoa ezartzen. Aukera gehiago izan zituen Goierri Gorrik eta 3-0ekoa berriro Ane Lopezek egin zuen, kontuko hirugarrena eginez partida berean. Sendo eta aurkariaren aukerak leunduz, puntu ditu bilduta taldeak, taularen erdian mantenduz. Datorren astean aukera polita aurrera pausu bat egiteko, Tolosaren aurkako derbian.
Jubenilak lurralde mailakoan
Jubenilek txapelketa berri bati ekin diote asteburuan, lurralde mailako kopa alegia. Igandean Mondragon zuten aurkari Arizti Handin, eta partida on batekin gailendu ziren goierritarrak 3-2. Partida hasi eta hamar minutu pasata zirela, gola egin zuten kanpokoek haizea alde zutela aprobetxatuz. Berdintzea lortu zuen Liernik, baina atsedenera joan aurretik 1-2koa egin zuen Mondragonek. Bueltan, taldea indartsu eta haizea alde, Ainitzeren jaurtiketa bat defentsak ukitu eta barrura joan zen; 2-2. Lehenengo golaren antzekoa egin zuten etxekoek, oraingoan Alaznek baloia sareetara bidaliz, 3-2. Aukera gehiago aldeko izan arren gorriek, ez zen markagailua gehiago mugitu.
Ohorezko mailako kadeteak, gutxiengo aldeagatik galdu du Oiartzunen. 1-0eko markagailuarekin itzuli baitziren Goierri aldera. Lehen mailan berriz, 3 puntuekin gelditu ziren Ariztin 2-0 Danenari irabazita. Partida txukuna egin zuten Goierri Gorriko jokalariek, haizeak erabat baldintzatutako partidan. Lehen zatiko 20garen minutuan ia zelai erditik gogor astindu eta Ainhoak egin zuen 1-0ekoa. Partida geldialdi askokoa izan zen kontrolpean izanik markagailua gorriek. Amaiera aldera 2-0eko egitea lortu zuen Alaitzek, jokaldi polit bati amaiera ezin hobea emanez.
Amaitzeko, infantilek ez dute punturik eskuratu jardunaldi honetan. Txapeldunen fasean, Ilintxaren aurka 7-5 galdu du Goierri Gorri “B”-k. Kopan berriz, Goierri Gorri “A”-k 3-4 galdu du etxean Zestoaren aurka; eta Goierri Gorri “C”-k Deban 4-3 galdu du.