Urtarrilean Bergara, Leioa eta Errenteriako udal ordezkariak izan dira zerbitzua ikusten
Legazpiko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuak beste hiru udalen interesa sortu du. Urtarrilean Bergarako, Leioako (Bizkaia) eta Errenteriako udal ordezkariak Legazpiko zerbitzu berriari bisita egin diote nork bere herrian halako zerbitzu bat martxan jarri nahi duelako.
Legazpiko Udaletik adierazi dutenez, «oso ondo baloratu dute arreta zerbitzua». Diotenez, «ingurune modernoa, funtzionala eta adiskidetsua sortzea lortu dugula esan digute». Gizarte zerbitzuei eskainitako espazioa ere baloratu dute bisitariek, «zerbitzuari merezi duen duintasuna ematea lortu da».
Bisitak EUDELek eta IVAPek antolatu ditu eta Roberto Otxandiok zuzentzen dituen ikastaroen barruan kokatu dituzte.
Legazpiko Udaleko Herritarrentzako Arreta Zerbitzua iazko azaroan jarri zen martxan. Udal gobernuak «zerbitzu publikoen kudeaketan berrikuntzak egindako apustuaren» barruan kokatu du zerbitzua martxan jarri izana.