Hizkuntza errefortzurako zerbitzua 180 haurrekin jarri du martxan udalak
Berritsun eta Txelotxen lau egunetan elkartzen dira 5 eta 12 urteko haurrak. Lasarteko Ttakun enpresak kudeatzen du. Euskararen erabilera indartzea dute helburua
Urtarrilaren 9az geroztik martxan da aisialdirako zein euskara ikasteko gune berria, Lasarteko Ttakun enpresak kudeatuta. Haurren artean euskararen gaitasuna areagotzea eta kaleko erabilera indartzea lortu nahi dute.
5 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako zerbitzua da. 180 haurrek eman dute izena eta une honetan 140 ari dira parte hartzen; Ezkiaga auzoko Txelotxen 63 eta Loinazko San Martin plaza azpiko Berritsun 117. Alkartasuna Lizeotik 71 haur joaten dira, Murumenditik 67, La Salletik 40 eta Andramendi ikastolatik 2.
Taldeak adinaren arabera banatu dituzte eta astelehenetik ostegunera bi txandatan elkartzen dira: 17:00etatik 18:30era lehenengo txanda eta 18:30etik 20:00etara bigarren txanda. Haur bakoitza bi egunetan joaten da. Beasaingo Udalaren esanetan, «zenbait taldetan itxaron zerrenda ere badago».
Doakoa da zerbitzua. Koordinatzailearekin batera, Txelotxen hezitzaile bat egoten da eta Berritsun bi. Hiru zatitan banatzen dute ordu eta erdiko tartea. Lehenengo zatian, «ikastetxetik dituzten etxerako lanak egiteko laguntza eskaintzen zaie haurrei euskararen ikuspegitik eta etxeko lanik ez dutenei beste gai batzuen gainean laguntzen zaie, beti ere euskara oinarri hartuta».
Ondoren, euskararen lanketa eskatzen duten dinamikak eta jolasak lantzen dituzte. Azkenik, «azken ordu laurdenean, jolas librea izaten da». Hala ere, «eguraldi onarekin batera ekintza bereziak eta kanpora irtenaz gurasoek ere parte hartzeko ekintzak egingo direla» aurreratu du udalak. Ekainaren 30era arte egongo da zabalik. Zerbitzu berrian parte hartu nahi dutenek norbere ikastetxean eman behar dute izena.
Euskara areagotu
Abenduan esleitu zitzaion Ttakun enpresari Berritsun eta Txelotxen hizkuntza errefortzua eskaintzeko zerbitzua. «Identifikatutako gabeziei eta beharrei erantzuteko eskolaz kanpoko jardueren bitartez, aisialdiari lotuta noski, hizkuntza errefortzurako zerbitzua jarri zen martxan abenduan, esleipendun enpresarekin eta ikastetxeekin elkarlanean», dio udalak.
«Hizkuntza aniztasuna gero eta ageriagoa da herriko kaleetan eta euskararen presentzia bermatzeko eta euskararen normalizaziorako udalak tresna eta zerbitzu egokiak garatu eta herritarren eskura jarri nahi izan ditu», gaineratu du.













