Oianguk sailkapenari eutsi dio Euskal Herriko Ligan eta Udaberri Sarian
Oianguko bikoteentzat joan den asteburuko jardunaldia emankorrena izan ez bada ere, finalerdietarako postuetan jarraitzen du talde goierritarrak EHko Ligan, pala motzez, eta Udaberri Sarian, paleta larruz.
EHko Ligan, Beñat Ibarguren eta Imanol Olaranek ezin izan zuten Sopelako Kurene mendean hartu, etxean. Bizkaitarrak gailendu zitzaizkien 35-40ko emaitzarekin. Ondorioz, Kurenekoak dira talde buru eta Oiangukoak bigarren, finalerdietara sailkatzeko postuan, lehen fasea amaitzeko bi jardunaldi besterik falta ez direla.
Partida galdu arren, bigarren postuan dira Xabier Ibarguren eta Azeari Andonegi ere. Ibargurenen ordezko aritu zen Asier Juanena, Oianguko Aitor Luzuriaga eta Jose Manuel Garridoren kontra. Azken horiek gehiago izan ziren eta 31-40 nagusitu ziren. EH Ligako beste bikote goierritarrak, Garikoitz Arrieta eta Zuhaitz Letamendiak emaitza estuarekin galdu zuten Oiartzungo Txost taldearen aurka (38-40).
Udaberri saria
Udaberri sarian, berriz, lehen itzulia amaituta, gauzak estu dira sailkapenean. Debako Euskal Jolas da nagusi partida guztiak irabazita. Asteburuan, Oianguko Goren Oiarbide eta Mikel Arantzegiren kontra (35-10) nagusitu ziren eta goierritarrak hirugarren postuan dira, Oianguko Aitor Otegi eta Gorka Berasategirekin puntutara berdinduta. Bigarren postuan da azken bikote hori. Asteburuan, ahaleginik egin gabe lortu zituzten puntuak, Errenteriako EPLEko bikoteak ezin izan baitzuan partida jokatu.