Brasildik natorren artista bat naiz ni
Ostiralean antzezlan laburren Antzezmotz lehiaketa hirugarren edizioa hasi zen. Herriko aktore bakar batek parte hartu du hiru edizioetan: Eduardo Elias brasildarrak. Elias alaia, saltseroa, festa zalea, dantza zalea… da. Urretxu
Ostiralean antzezlan laburren Antzezmotz lehiaketa hirugarren edizioa hasi zen. Herriko aktore bakar batek parte hartu du hiru edizioetan: Eduardo Elias brasildarrak. Elias alaia, saltseroa, festa zalea, dantza zalea… da. Urretxu eta Zumarragako alkateak bi herriok alaitzeko brasildar baten bila joango balira, ez lukete hobea aukeratuko.
Elias Sao Paulon jaio zen 1976an. Antzeztea betidanik du gustuko. «Antzeztea asko gustatzen zait, beste pertsona batzuk izateko eta beste ikuspuntu batzuk ezagutzeko aukera ematen baitizu. 15 urterekin hasi nintzen antzerkia egiten, Ribeirao Prieto herrian. Bertako taldean hasi nintzen eta, antzerki eskolak hartu ondoren, Malacacheta taldearekin Brasil osoan zehar bidaiatu nuen», gogoratu du Urretxu-Zumarragako brasildarrak.
2000. urtean Espainiara joan zen eta 2003an Euskal Herrira etorri zen. «Hona heldu bezain laster herriko antzerki taldearengatik galdetu nuen eta Karmakros taldekoekin harremanetan jarri nintzen. Karmakrosen bizpahiru urte eman nituen, oso gustura».
Ondoren, Ines Benitezekin Kon-Fusion taldea sortu zuen. «Zerbait ezberdina egin nahi genuen. El abrazo de la araña eta Txintxarra eta inurritxoa lanak antzeztu genituen. Gainera, Antzezmotz lehiaketako lehen edizioan parte hartu genuen, Marina lanarekin».
Brasildarrak antzezlan laburren Antzezmotz lehiaketako hiru edizioetan parte hartu du. «Iaz La sorpresa lana antzeztu nuen, Saioa Pueblarekin. Antzezmotz lehiaketa asko gustatzen zait. Izan ere, lan arinak egiteko eta beste aktore batzuen lanak ikusteko balio du», azaldu du Eliasek.
Teledonostiren NPI Hot saioan eta film labur batzuetan ere lan egin du. Gainera, ezkondu aurreko agurrak girotzen ditu. Eta datorren astean mozorrotu egingo da, noski.