Aurten, hamargarren edizioa izanik, ospakizun berezia egingo dute. Martxoaren 25ean egingo den Euskal Narratzaileen Topaketa izango da ekitaldi garrantzitsuenetakoa
Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko jaialdia egingo dute martxoan, Ordizian eta Tolosan. Intujai Teatroa taldeak, Gipuzkoako bi udalen laguntzarekin, Euskal Herrian dagoen ahozko narrazioaren jaialdi bakanetakoa antolatzen du eta aurten, hamargarren edizioa izanik, ospakizun berezia egingo dute. Horretarako ohikoa baino egitarau bereziagoa prestatu dute.
Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean aurkeztu dute aurtengo edizioa. Joseba Aranburuk, Ordiziako kultur zinegotziak «Ordiziarentzat halako jaialdiaren garrantzia eta kultur eskaintzak duen interesa» aipatu zituen. Maria Jose Telleria foru aldundiko Kultur Zuzendari Nagusiak «horrelako ekitaldien beharra» nabarmendu zuen, eta Aldundiaren laguntza eskaini zuen Gipuzkoan «horrelako ekitaldiek bere lekua izan dezaten». Aurkezpenean Joxe Mari Carrere eta May Gorostiaga kontalariak ere izan ziren.
Guztira, 26 artista
Ahoz Aho jaialdia euskal kontagintzan erreferente bihurtu da urte hauetan eta nazioarteko zein bertako kontalari profesionalak ekartzeaz gain, ipuinak kontatzeko zaletasuna dutenek ere beren espazioa dute jaialdi horri esker, antolakuntzakoek adierazitakoaren arabera, «profesionaltasuna eta zaletasuna jardun beraren bi zutabeak baitira».
Aurtengo jaialdian lehen aldiz parte hartuko duten kontalariekin batera, aurreko edizioetan partaide izandako batzuk ere gonbidatu dituzte. Guztira 26 artistek parte hartuko dute; horietatik 18 Euskal Herrikoak eta 8, Euskal Herritik kanpokoak. Guztira 30 ikuskizun programatu dira Ordizia eta Tolosa artean. Horrez gain, Ahozkotasunaren bi gala handi, kontaketa bi ikastaro, hitzaldiak eta kontaketa lehiaketa egingo dituzte.
Aparteko ekitaldiak
Jaialdiaren urteurrena ospatzeko aparteko ekitaldiak iragarri dituzte, horien artean garrantzitsuena, martxoaren 25ean egingo den Euskal Narratzaileen Topaketa izango da. Goizean, euskal kontalaritza izango dute hizpide May Gorostiaga, Koldo Amestoy, Juan Kruz Igerabide, Joxemari Carrere eta Leire Diaz de Gereñu hizlariek, kontagintzaren eta ahozkotasunaren arlo ezberdinak jorratuko dituzte. Topaketa horretan, ahalik eta kontalari zein zaletu gehien elkartu nahi dituzte euskal kontalaritzaren nolabaiteko diagnosia egin asmoz.
Arratsalde partean Urrezko Kalabaza Sariak, banatuko dituzte lehen aldiz, hamar urte hauetan jaialdiarekin zerikusirik izan duten pertsonak omenduz. Antolatzaileen esanetan «hamar urte hauetan ahozkotasunaren arlo ezberdinak jorratzen dituzten 170 artistek parte hartu dute, 30 herrialde ezberdinetik etorriak». Aurtengo jaialdian, hori guztia gogora ekarri nahi dute antolatzaileek, eta egindako bidean laguntzaile izan duten guztiak eskertu.
Bestalde jaialdiarekin batera aurten bosgarren aldiz Ipuin Narrazio Lehiaketa antolatu dute Ordizian. Nahi duen orok izena eman dezake eta finalistak Ahozkotasunaren Gala handian parte hartzeko aukera izango dute. Horrelako lehiaketa bakarra egiten da Euskal Herrian eta gero eta jende gehiagok parte hartzen du, kontalari saiatuek zein hasi berriek.