Fiskaltzak artxibatu egin du Mendizabalen kontrako auzia
Juan Kruz Mendizabal Kakux apaizaren kontra sexu abusuengatik zabaldutako auzia artxibatu egin du Gipuzkoako Fiskaltzak. Salatutako delituak “preskribatuta” leudeke, Efe agentziak zabaldu duen informazioaren arabera. Hala ere, Fiskaltzak ez du auzia berriz ere zabaltzea baztertzen, auzi horren inguruko “datu berriak” agertuko balira.
Urtarrilean zabaldu zen albistea, elizak Mendizabal zigortu zuela jakinarazi zuenean, 2001 eta 2005 urteetan, bi adingaberi “ukitu desegokiak” egin zizkielako. Handik gutxira, hirugarren kasu baten berri eman zuen Berria egunkariak, zuzeneko testigantza batekin. Aste honetan berriz, ETBko Ur handitan telebista saioaren harira, abusuen beste testigantza bat egin dute publiko.