Mila lagunek baino gehiagok eman dute izena Ehunmilak probako hiru lasterketetan
Ehunmilak probaren antolatzaileek izena-emateko jarritako lehen epea bukatu da, eta orain arte, 1.094 korrikalarik eman dute izena hiru probetan. Oraindik ere badago apuntatzeko aukera, eta apirilaren 6ra arte luzatuko dute bigarren epea. Handik aurrera, berriz aldatuko da izen-ematearen prezioa, eta parte-hartzaileek ezin izango dute deskonturik lortu.
Aurtengoa zortzigarren edizioa izango da, eta uztailaren 7, 8 eta 9an egingo dute. Aurten izen-emateen marka guztiak puskatzen ari dira, eta G2H eta MMM probetarako toki guztiak beteta daude dagoeneko; G2Hko 515 dortsalak, esaterako, 28 ordutan agortu ziren; MMMko 265ak berriz, hilabete pasatxoan. Harrez gero, izena ematen dutenekin itxaron zerrenda ari dira osatzen.
Ehunmilak proban badago tokia
Oraindik izena emateko aukera dago EHM proban (168 km). Lehen epean 314 lagunek eman dute izena, eta gehieneko kopurua 515ekoa da. Kopuru hori bete arte zabalik egongo da izen-ematea. Proba horretan, korrikalariek banaka nahiz taldeka (hirunaka) parte hartu dezakete.
Parte hartu nahi duten korrikalari guztiek, antolakuntzak ezarritako mediku eta gaixotasun txostena aurkeztu beharko dute, apirilaren 6a baino lehen. Hala ez bada, izen-ematea bertan behera geldituko dela ohartarazi dute antolatzaileek.