Unai Badiolaren azken osoko bilkura
Unai Badiola EH Bilduren Urretxuko zinegotziak dimisioa eman du. Badiolak sei urte eman ditu zinegotzi karguan. 2011-2015 legealdian EH Bilduk udal hauteskundeak irabazi zituen eta bera alkateordea eta bozeramalea izan
Unai Badiola EH Bilduren Urretxuko zinegotziak dimisioa eman du. Badiolak sei urte eman ditu zinegotzi karguan. 2011-2015 legealdian EH Bilduk udal hauteskundeak irabazi zituen eta bera alkateordea eta bozeramalea izan zen. Legealdi honetan, berriz, oposizioan egon da. Badiolak alderdiarekin adostuta utzi du zinegotzi kargua, beste herritar batzuei tokia egiteko eta lan taldea berritzeko.
Badiola estimu handitan dute gainontzeko alderdietan ere. Osoko bilkuran denek ondo hitz egin zuten berari buruz. Jon Luqui alkatea izan zen hitz egiten lehena. «Berak egin duen lana gustukoa izan daiteke edo ez, baina lan asko egin duela ez dago zalantzan jartzerik». Alkatea penatuta ageri zen. «Udaletxean zu bezalako jendea egotea oso ona da herriarentzat. Hori dela eta, penatuta nago. Dena den, zuregatik eta zure familiagatik asko pozten naiz».
PSE-EEko Javier Martinek hitz politak eduki zituen Badiolarentzat. «Herriaren alde egin duzun lanagatik eskerrak eman nahi dizkizugu. Politikari on bat zara. Zorterik onena opa dizugu».
Gehien hunkitu zena EH Bilduko Oihane Zabaleta izan zen, noski. «Bide hau elkarrekin hasi genuen, duela sei urte. Oso une gogorrak bizi izan ditugu, baina elkarrekin asko ikasi dugu. Herriarentzat egin duzuna eredugarria da. Balore asko transmititu dituzu. Ez zintudan ezagutzen eta egun lagun on bat zara. Arrastoa utzi duzu. Zorte onena opa dizut».
Badiolak ez zuen hitz egiteko asmorik, alkateari hala jakinarazi zion, baina azkenean hitz egin beharra izan zuen. «Gure alderdian beti eduki dugu oso argi hemengo lana aldi baterako dela. Gu joan eta etorri egiten gara eta teknikariak dira beti hemen daudenak. Eskerrak eman nahi dizkiet denei». Herriaren alde lan egiten jarraituko duela aurreratu zuen. «Alderdian lan egiten jarraituko dut. Udaletxeko lana gogorra da eta interesgarria izango litzateke jende gehiago animatzea. Une gogorrak pasa ditugu eta, gainontzeko guztiei zor diedan errespetuarekin, saririk onena nire taldekideekin izan dudan harremana izan dela esan beharra dut».