Legazpiarrak fin aritu dira bertsotan, azpeitiarrek irabazi arren
Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako saioa jokatu dute asteburuan Legazpin. Bertso-Olariak, etxeko taldea, eta Azpeitiako taldekoak aritu ziren aurrez aurre. Lekanazpi elkartean 40 bat lagun elkartu ziren eta “giro goxoa” izan zutela azaldu du Asier Iriondok.
Legazpiarren taldean Nerea Elustondo, Ane Beloki eta Julen Agirreburualdek abestu zuten. Azpeitiarren taldean, berriz, Beñat Lizaso, Jokin Uranga eta Leire Ostolazak. Epaile lanak Mikel Balerdi eta Eneko Iriondo legazpiarrek eta Oihana Arangurenek egin zituzten. Saio polita egin zuten bi taldeek, eta azkenean, 14 eta 10 nagusitu ziren azpeitiarrak. Legazpiarrek martxoaren 3an jokatuko dute hurrengo saioa, Oiartzunen. Azpeitiarrak ia sailkatuta daude bigarren faserako, bi saioak irabazi baitituzte.