«Mexiko turista exotikoa izateko ongi dago, baina bizimodua ez da erraza»
Igor Susaeta (Urretxu, 1981) Mexiko hirian da orain urte eta erdi. Apirilean itzuliko da eta Berria-n kazetari lanari segida emango dio. Kirol ...
Igor Susaeta (Urretxu, 1981) Mexiko hirian da orain urte eta erdi. Apirilean itzuliko da eta Berria-n kazetari lanari segida emango dio. Kirol zalea da, musika zalea eta zinema zalea.
Nolatan Mexiko?
Laguna, neska-laguna, Mexiko Hirira etorri zen lanera, eta, hortaz, Berria-n eszedentzia eskatu eta nik ere hona etortzea erabaki nuen. 2015eko azaroan heldu nintzen. Dena den, aurretik, laguna bisitatzen, eginak neuzkan hilabete banako bi egonaldi.
Zer egiten duzu han?
Ba hemen, hasieran, esaten zidaten europar batentzako lana topatzea nahiko erraza zela: «Zu, gainera, ilehoria izanda…», zioten. Ahalegindu nintzen instituzio pribatuetan eta unibertsitateetan-eta kazetaritzarekin lotutako eskolak ematen. Baina gizarajoa ni; errealitateak nire tokian jarri ninduen. Oro ez da urre; are gutxiago, ni bezala, turista baimenarekin baldin bazaude. Bai, badaude moduak paperak tramitatzeko, baina ez nuen sistema ustel-ustel bat elikatzen duen ekintza batean parte hartu nahi.
Beraz, bat ezagututa, bestearekin hitz eginda, pixkat mugituta, bakarkako euskara eskolak ematen hasi nintzen. Hiru ikasle dauzkat. Eta gehiago izan zitezkeen, baina haien konpromiso ezak eta, hasieran behintzat, «ez» ez esateko daukaten gaitasunak ezaugarritzen ditu orokorrean mexikarrak.
Tarte honetan kazetari lanak bidali dituzu Euskal Herrira.
Freelance bezala gauza dezente edo nahikotxo bidali ditut, zorionez; gehienak Berria-ra. Euskal Herriarekin loturaren bat duten gauzak dira salgarriak: pertsonak, istorioak, bizitzak… Eta hemen nabarmena da euskal komunitatea. Bestela, gai sozialak lantzeko parada ere ematen du. Hemengo argitalpenenen baterako ere idatzi izan dut zerbait, baina anekdotikoa izan da. Pertsonalitate batzuk elkarrizketatzeko aukera ere eduki dut: Elena Poniatowska idazle eta kazetaria, Silvia Pinal aktorea… Halere, Josetxo Zalduari egindako elkarrizketa nabarmenduko nuke. ETAkidea zen, Mexikora alde egin zuen duela 35 urte, eta ia orduz geroztik La Jornada egunkariko edizio arduraduna da. Morroi interesgarria… Baita Josu Landa ere. Radio Euskadiko Boulevard saioan bi astez behin hitz egiten dut, astearteetan.
Arte espazioa bat zuzentzen duen azkoitiar batekin, Gorka Larrañagarekin, ere egin izan ditut gauzak. Lagunaz gain, noski, Gorka eta Mikel Jauregi urretxuarra izan dira hemen gehien lagundu nautenak.
Bloga berritzen duzu astero ‘Berria’-n.
Berria-n daukadan blogean nire barrenak askatzen ditut. New Yorken pasa nuen urtean gauza bera egin nuen eta lagungarria izan zen. Halere, ez du asmo analitikorik edo antropologikorik; pare bat ordu pasatxotan idazten dudan kontua da.
Nolakoa da Mexiko euskaldun baten begietara?
Ez da komeni orokortzea, baina… Latinoamerikak ez du, sekula, nigan interes berezirik sortu. Etorri nintzen laguna hona etorri zelako. Kito. 2015ean etorri aurretik egindako egonaldietan konturatu nintzen hau ez nuela oso gustuko. Dena dela, inork ez dezala pentsatu sufrikario bat denik. Ez, hori ere ez da. Egia da, ordea, hiriari neurria hartzea kostatzen dela. Hiri hau, bere erraldoitasunean, kaotikoa da, zirku bat, deserosoa, oso zaratatsua, eta konturatzen naiz isiltasuna eta sosegua geroz eta gehiago estimatzen ditudala.
Hemen ezagututako euskaldunen artean denetik topatu dut: batzuek hiria maite dute, eta beste batzuek ez. Atzean ezer uzten ez baldin baduzu, ba Mexikon, Shangain edo Oslon, aurrera egingo duzu. Jaioterrian, herrian, lagunekin eta familiarekin oso sustraituta baldin bazaude, lurrarekiko, nolabait, harreman telurikoa baldin baduzu, itzuli nahi izango duzu.
Zer diote han euskaldunei buruz?
Ba, ezinbestean, ikuspegi folklorikoa daukate; baita hemengoak diren baina Euskal Herriko arbasoak dituztenek ere. Horiek barne-gatazka eskizofreniko samarra bizi dutela esango nuke… Noski, ezingo diegu eskatu Asier Mendizabal eta Itziar Okariz nor diren jakitea, edo Ruper Ordorikaren kantuen hitzak aletzea. Normala da. Penagarriagoa iruditzen zait hemengo euskal komunitate ofizial itxiak, Euskal Etxeak barne, topikoei tira egitea, baina zer egingo zaio ba.
Zer esango zenuke AEBekin duten harremanaz?
Harreman eskizofrenikoa daukatela esango nuke. Gorroto bezala maite dituzte, ene uste apalean. Absolutuki hitz egitea ez da zuzena, baina tira… Mexikok nahiko ondo eusten dio AEBen pisu kulturalari, baina normala denez, kutsatuta daudela esango daude. Dibertitzeko moduan, autoaren gehiegizko erabileran, keinuetan, kontsumoan… Ziurrenik oker nabil, e? Baina tira, fantasioso samarra naiz, eta… [barreak]. Nik New Yorken ezagututako mexikarrek AEBak gorroto zituzten, baina ez zuten itzuli nahi.
Orain Donald Trump Etxe Zurian…
Ba ez dakit… Sare sozialetan ikus-entzundako suminduratik eta afari batzuen bueltako solas ez oso zehatzetan aditutako teoria eta ondorioetatik harago, ezer gutxi dakit. Euskal Herrian ez diet kasu gehiegi egiten alderdi politikoen edo instituzioen arteko ika-mikei, umekeriei; bada, hemen, gutxiago. Dakidana da Enrique Peña Nieto presidentea ezin dutela parean ikusi ere egin. Analista ekonomiko bat elkarrizketatu nuen duela gutxi, eta zioenez Trumpen eragina ez da hainbesterainokoa izango. Analista, NAFTA zalea izaki, esango nuke ikuspegi neoliberali batetik mintzo zitzaidala… Baina bai, jendea arduratuta dago Etxeko Zuriko maizter ahoberoarekin.
Zerk eman dizu atentzio gehien?
Klasismoak eman dit atentzioa. Hemen bada esaera bat: O chingas o te chingan. Hots, edo ondokoa izorratzen duzu edo izorratuko zaituzte. Esfera guztietan gertatzen da. Zure gainetik dagoena zu izorratzen saiatuko da. Hori, hemen gidatzen ez dudan arren, trafikoan nabaria da. Nolabait esatearren, heziketa zibiko gutxi dutela iruditzen zait. Bestetik, gehiegizko protokoloa eta lausenguak edukazioarekin nahasten dituztela esango nuke.
Zuretzat talka kulturala handia izan al da?
Talka handia da; edo nire kasuan, behintzat, bai. Pragmatikotasun zalea naiz, ez zait itzulinguruka ibiltzea gustatzen, eta hemen, ba… Bai mexikarrek eta bai guk espainolez hitz egin arren, batzuetan iruditu izan zait ni serbokroazieraz ari nintzela eta bestea persieraz.
Halere, baditu bere gauza onak, e? Mexikarrek umore ona dute, hizketarako pronto daude orokorrean, badakite disfrutatzen, oso-oso irudimentsuak dira… Eta bizitzari baikortasunez begiratze diote. Hori atsegin dut. Gero, kontuan hartu behar da jasan zuten konkista, horrek koipekerian hazitako gizarte bat sortu du, eta hori gainetik kentzea oso zaila dela. Arantxa Urretabizkaia idazle eta kazetariak zera esan zidan elkarrizketatu nuen batean: «Latinoamerika ederra da oporretarako, baina ez bizitzeko». Ados nago. Turista exotikoa izateko ongi dago, baina bizimodua ez da ez erosoa ez erraza.