Larunbatean erakusketa irekiko dute Legazpiko kultur etxean. Inaugurazioan hamar bat txirrindulari ezagunek parte hartuko dute. 300 bat argazki ipiniko dituzte ikusgai
Telleriarteko txirrindulari elkarteak
Txirrindularitza Legazpin, 1976-2016 erakusketa aurkeztuko du larunbatean, 12:00etan, Legazpiko Kultur Etxean. Erakusketan elkartearen historiaren bitartez txirrindularitzak Legazpin egindako ibilbidea kontatuko dute. Kontakizuna 300 bat irudiren bitartez egingo dute.
Sebastian Santesteban elkarteko sortzaileetako bat aritu da argazki bilketan. Izan ere, aurten 40 urte bete dira elkartea lanean hasi zenetik, «aurreko urteko bileran norbaitek erakusketa egiteko proposamena egin zuen eta nik argazki asko nituela eta beste asko lortzeko moduan nengoela ikusita, lanari ekin nion, urtebetez aritu naiz bilketa egiten».
Telleriarteko ziklo-krosa, 1977an.
Erakusketak jasotzen dituen 300 bat argazki horiek 120 koadro inguruan batu dituzte. Podiumak, garai haietako profesional onenak, Euskal Herriko Itzuliko iritsierak… «1993 eta 1994. urteetan, esate baterako, ziklo roseko podiumera munduko txapeldunak izandako hiru txirrindulari igo ziren».
Santestebanek betidanik izan du barruan txirrindularitzaren harra. «29 urterekin, 1976.ean lehenengo lasterketa antolatu genuen. Aurretik txirrindularitza munduan nenbilen bi lehengusu txirrindulariak nituelako eta haien taldeetako autoetan ibiltzen nintzen lasterketatan. Lehengusu batek Telleriarte inguruan ziklo kros lasterketa itzela antolatu genezakeela esan zidan eta hala hasi ginen».
Larunbatean hitzordua
Larunbatean ekitaldia egingo dute erakusketa inauguratu aldera. Txomin Perurena, Julian Gorospe, Abraham Olano, Ramon Mendiburu eta Fran Gutierrez bertan izango dira. Ziklo krosean aritutako txirrindulariek ere parte hartuko dute: Jokin Mujika, Jose Mari Iurrebaso, Jose Ramon Izagirre, Juantxo Gorostidi eta Iñaki Maiora bertan izango dira. «Aurkezpenak ez du luze joko, jendeari galderak egiteko aukera emango diogu eta ondoren bazkaria izango dugu», azaldu du Santestebanek.
Erakusketa ere ikusiko dute eta legazpiarrek ere izango dute ikusteko aukera, otsailaren 25etik bertatik martxoaren 10era arte kultur etxean, astegunetan 17:30etik 20:30era.
180
Txirrindu lasterketa. Telleriarteko Txirrindulari elkarteak 40 urteko ibilbidean antolatutako lasterketa kopurua da.
Txirrindularitza eta ziklo krosa. Telleriarteko elkarteak antolatutako lehenengo probak ziklo krosekoak izan ziren, gerora errepideko probei ekin zieten.