Legazpin ere hasi dira inauteriak
Doinua Musika eskolako ikasleen kalejirak ireki du aurten ere Legazpiko inauterien egitaraua. Musika eta mozorroak lagun izan dituztela, herriko erdiguneko kaleak girotzen ibili dira Doinuakoak arratsalde partez.
Bihar izango da inauterien egun handia Legazpin. Mozorroak goizetik ikusiko dira kalean, baina 16:00etan kaleratuko den ikasleen desfileak barreiatuko du festarako giroa. Hala ere, inauteriei hasiera ofiziala 17:00etan emango zaie, Euskal Herria plazan, Lintxen etorrerarekin. Gero, Urolatarrak txarangak alaituko ditu kaleak eta 19:00etan Alaitasuna Errondailak bere bosgarren mariatxi festa egingo du eta kalez kale ibiliko da giroa alaitzen. Gauean tabernatan jarraituko du festak.
Bihar, Gaztetxearen inauteri festa ospatuko da, musika gaitzat hartuta. Kalejira egingo dute gazteek 17:30ean hasita eta 22:00etan, afaria Gaztetxean bertan.
Igandean, berriz, Gipuzkoako Inauteria ekarriko dute Sustraiak dantza taldekoek Legazpira. Eguerdiko 12:00etan abiatuko da Laubidetik konpartsa plazaraino, eta arratsaldean berriz aterako da kalera. 19:00etan Euskal Herria plazan elkartu eta Lintx erretzearekin batera, agur esango zaie Legazpiko aurtengo inauteriei.