Xabier Lizasok 'Do, Re, Ni' egitasmoa aurkeztu du Zumarragan. Helburua haurrak jolasten garatzea da. Zumarragako La Salle-Legazpi ikastetxeak eta Zaldibiako herri eskolak egitasmoarekin bat egin dute.
![_Do__Re__Ni__egitasmoa](http://goierri.hitza.eus/site/files/2017/02/Do__Re__Ni__egitasmoa.jpg)
Hezkuntzarekin lotutako egitas-moak asko ugaldu dira azken urteetan eta asteazkenean horietako bat aurkeztu zuten Zumarragan. Euskaldun batek sortutakoa da, gainera.
Do, Re, Ni du izena, bere helburua jolasten irakastea da eta Xabier Lizaso oriotarra da sortzailea. Gipuzkoako hainbat eskolatan martxan jarri dute dagoeneko. Tartean, Zumarragako La Salle-Legazpi ikastetxean eta Zaldibiako Lardizabal herri eskolan.
Lizaso piano jotzaile profesionala da eta Polonian amaitu zituen ikasketak. Han erabaki zuen haurrekin lan egitea. «Komunismoaren azken urteak ziren eta kulturak sekulako garrantzia zuen gizartean. Gaz-teek, futbolaz hitz egin beha- rrean, artistez hitz egiten zuten».
Gobernuaren apustuaren emaitza zen. «Gobernuak beti zuen dirua piano bat erosteko. Ikasgela guztietan isats-pianoak zeuden eta egunero afinatzen zituzten. Garai hartan, Donostiako kontserbatorioan piano bakarra zegoen. Bestalde, ikaskideek eskoletan kontzertuak ematen zituzten diru pixka bat lortzeko, familia osoa opera ikustera joaten zen… Mundiala iruditu zitzaidan eta Euskal Herrian hori lortzeko lan egitea erabaki nuen».
Hala, 20 urte eman ditu ikastetxeetan kontzertuak ematen, Kutxa Fundazioaren eskutik. Egitasmo hori bertan behera gelditu da (berreskuratzea espero du), baina hezkuntza munduan lan egiten jarraitzen du. Bera izan zen udaleku musikalen sortzailea. «Egitasmo hau estatu osora zabaldu da eta gurasoek ikasturte osora zabaltzea eskatu zidaten. Izan ere, udaleku musikaletan parte hartzen duten haurrek etxean ere abestu egiten dute, Down sindromea eta autismoa dutenak ere dantzatzen eta kantatzen hasten dira…».
«Intuizioz» sortu zuen errezeta hobetzeari ekin zion eta
Do, Re, Ni egitasmoa sortu zuen. «Metodologia jolasa da. Haurrek dantza, antzerkia, kirola… egiten dute, beti ere jolasten. Eta azkar aldatzen dugu ekintzaz, asper ez daitezen eta beti motibatuta egon daitezen. Andoni Egaña laguna dut eta
Do, Re, Ni jarri zion izena, norbanakoa garatzea delako helburua».
Babesleak
Egitasmoak jaurlaritzaren, aldundiaren, Donostiako Udalaren eta Euskalerriaren Adiski-deen Elkartearen babesa du. Kursaalen dute egoitza eta dagoeneko Gipuzkoako hamabost bat ikastetxetara heldu dira. Bizkaian eta Araban ere lan egiteko asmoa dute.
Goierriri dagokionez, Zaldibian beraien curriculumean txertatu dute eta Zumarragan eskolatik kanpoko ekintza bezala eskaini dute. 4 eta 5 urteko 47 haurrek parte hartzen dute. Astean behin ordu beteko saioa egiten dute.
Ekainaren 10ean jaialdi handi bat egingo dute Victoria Eugenia antzokian. «Haur guztiek parte hartuko dute. Jaialdia halako areto batean egitea oso garrantzitsua da: ez dute sekula ahaztuko eta motibatu egingo dira».