Martxoaren 1etik, hileko lehen asteartean egongo dira Beasaingo Udalaren Urbi-etxeko bulegoan psikologo eta abokatu bat. Seme-alaben inguruko orientazioa eta laguntza emango dute

Beasaingo Udalak gurasoen erantzunkidetasuna kudeatzeko laguntza eta zerbitzu juridikoa eskaintzeko zerbitzu berria jarriko du martxan martxoaren 1etik, herritarren eta pertsonen ongizatea helburu hartuta: Kidetza-Agipas elkarteko Sara Gonzalez psikologoak eta Amaia Nuñez abokatuak, krisi egoera bizi duten edota banaketa egoeran dauden familiartekoei seme-alaben inguruan orientazioa eta laguntza eskainiko die. Datorren astean hasita, hileko lehenengo asteartean, Udalaren Urbi-etxeko bulegoan egongo dira.
Berdintasun batzordean eta udaleko alderdien arteko elkarlanetik gauzatu da proiektua. Irma Arnaiz zinegotizak aurkezpenean esan zuenez, «zerbitzu honen funtsa, familia barruko krisi egoeratan, hala nola, dibortzio kasutan edota familia eredu berrien gainean, gurasoei seme-alaben inguruko orientazioa eta laguntza ematea da». Izan ere, zerbitzu honen helburu nagusia «gurasoak orientatzea eta erantzunkidetasunean gaitzea da, familia egoera berriei era egokienean aurre egin ahal izateko eta beren seme-alaben ongizatea eta familiaren garapena bermatzeko».
Horrekin batera, «banaketa prozesutan edota horien ondorioz sor daitezkeen bestelako arazoen inguruan gerta daitezkeen lege-auzi guztiei erantzunak eta irtenbideak eskaintzea ere izango du xede zerbitzuak, beti ere hitzartutako eta adostutako irtenbideetara iristen saiatuz. Honela, «banaketa edo dibortzio ondorengo egoera berri guztiak behar bezala kudeatzea lortu nahi da, bi gurasoen inplikazioa sustatzeko eta seme-alabekin sor daitezkeen zailtasunetan laguntzeko».
Gurasoen arteko komunikazio positiboa errazteko eta topaketarako guneak ere bermatu nahi ditu Kidetza-Agipasek.
Azkenik, aholkularitza juridikoaren bitartez, banaketa prozeduretan pertsonen artean sortzen diren arazo legalak akordioen bidez konpontzea ere bideratuko dute.
Urbi-etxeko bulegoan emango den zerbitzuaz gain, eskoletan orientatzaileekin zein gurasoekin sentsibilizazio eta prebentzioa ere landuko da, bereziki, «krisi egoeran dauden eta arazoak dituzten gura-soekin».
Erantzukidetasun zerbitzua 09:00etatik 17:00etara eskainiko da eta zerbitzu juridikoa 15:00etatik 18:00etara. Bi zerbitzuetarako aurrez hitzordua eskatu behar da: 943 29 24 96 (goizez), 943 28 62 97 (arratsaldez), 666 558 195, edo
agipase2 @gmail.com helbidean.