Igor Alzelai eta Igone Campos Euskal Herriko txapeldunak Altitoy proban
Luz Ardidenen jokatu da mendiko eski txapelketa asteburuan
Igor Alzelai legazpiarrak eta Igone Campos zumarragarrak jantzi dute aurten Euskal Herriko mendiko eskiaren txapela. Larunbatean jokatu zen txapelketa, binakakoa, Pirinioetako Luz Ardidenen (Frantzia), Altitoy Ternua lasterketa ospetsuaren barruan, eguraldi bikainarekin eta zaletu ugariz inguratuta.
Alzelaik Iñigo Lariz elgoibartarra izan du bikotea. “Ibilbide polita jarri zuten, oso gustora ibili ginen” azaldu du legazpiarrak. Lehia estua eduki ondoren, euskal txapela irabazi zuten, eta Altitoy lasterketaren lehen proban bosgarren postua egin zuten sailkapen orokorrean. Igandea, ordea, ez zuten “egun ona izan”, eta hamargarren posturaino joan ziren. Bi egunetako sailkapen orokorrean, MIkel Navarro urretxuarra eta Juanjo Goikoetxea izan dira lehen euskaldunak.
Emakumezkoetan, berriz, Lide Leibarrek eta Igone Campos zumarragarrak jantzi zuten euskal txapela larunbatean, eta hirugarren egin zuten sailkapen orokorrean.
Igor Alzelaik Altitoy probari buruz hitz egin zuen Goiberriri joan den astean emandako elkarrizketan.