Josep Pamies adituak osasunari, sendabelarrei eta farmazeutikari buruz hitzaldia egingo du gaur, Ataunen
Ataungo Herri Antzokia lepo beteko da, gaur 19:00etan, Josep Pamies nekazari kataluniarraren hitzaldia entzuteko. Elikadura, osasuna eta sendabelarrak gaitzat hartuta, bi ordu inguruko solasaldia egingo du. Goierriko Baratzak eta Barandiaran-Murkondo elkarteak antolatu dute, eta sarrera-gonbidapen guztiak aspaldi agortu ziren; hitzaldia iragarri eta denbora gutxian.
Farmazia-industria eta OME Osasunaren Mundu Erakundea sakon kritikatu ohi ditu Pamiesek. Sendabelar batzuk erabiltzea galaraztea leporatzen die, gaixotasunak kronifikatzea benetako soluzioak bilatu beharrean, eta interesengatik transgenikoak erabiltzera bultzatzea. Ebola gaitza, adibidez, “soluzio naturalekin” senda daitekeela esana du. Marihuana landarearen onurak defendatzeagatik, eta landarea landatzeagatik, justiziarekin arazoak izana da.
Dulce Revolucion elkartearen bidez, sendabelarren erabilera zabaldu eta erakutsi du Pamiesek, urtetan. Medikuntza naturalaren erreferenteetako bat da, eta nekazaritza ekologikoaren defendatzaile eta dibulgatzaile.
Ataungo hitzaldian, sendabelarren haziak eskuratu ahalko dira, baita Pamiesek idatzitako Una dulce revolucion (Stevia Editors) liburua ere.