Oiduegiko erretako txabola konpontzeko baliabideak jartzeko eskatu diote Batzar Nagusiek aldundiari
Gipuzkoako Batzar Nagusietan Ekonomia Sustapen eta Landa Ingurune Batzordean talde politiko guztiek aho batez gaitzetsi dute, gaur, Oiduegiko txabolaren erreketa. Ebazpen proposamen bat onartu dute, hiru puntukoa. Batetik, Oiduegiko txabola erre izana salatu dute, eta elkartasuna bidali die “Aralar bizi eta maite duten gipuzkoar guztiei, bereziki Zaldibiako mendizale elkarteko kideei”. Zaldibiako Gailurrerantz mendizale elkarteak kudeatzen du mendizale aterpe-txabola, eta otsailaren 4ko goizean kiskalita agertu zen, zantzu guztien arabera gauean norbaitek nahita su emanda.
Bestetik, Oiduegiko txabola konpontzeko “behar diren baliabideak” jartzeko eskatu diote Batzar Nagusiek Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta diru hori Enirio-Aralarko Mankomunitatera —haren jabetzakoa da txabola— “helburu horrekin zuzentzeko”, “egungo erabiltzaileen proiektuek berriz ere aurrera egin dezaten”.
Hirugarren eta azken puntuan, Batzar Nagusiak Enirio-Aralarko Mankomunitateari zuzendu zaizkio, esanez “Oiduiko borda konpontzeko baliabideak bideratzeko”, Zaldibiako mendizale elkarteko kideekin orain arte elkarlanean egon diren proiektuek berriz ere bidea izan dezaten.