Alkatea Rita Barberaren omenaldian egon izanak hautsak harrotu ditu
Asteleheneko osoko bilkura laburra eta lasaia izango zela zirudien, baina galdera erreguen tartean Unai Orbegozo Irabaziko zinegotziak alkateari Rita Barberaren omenezko ekitaldi batean egotearen arrazoiengatik galdetu zion eta eztabaida beroa
Asteleheneko osoko bilkura laburra eta lasaia izango zela zirudien, baina galdera erreguen tartean Unai Orbegozo Irabaziko zinegotziak alkateari Rita Barberaren omenezko ekitaldi batean egotearen arrazoiengatik galdetu zion eta eztabaida beroa piztu zen.
Orbegozok halakoetara ez joateko eskatu zion, «gurea ez den estilo bat txalotzen baitute». Mikel Serrano alkateak ekitaldia Espainiako Udalerri eta Probintzien Federazioak antolatu zuela eta erakunde horretako gobernu batzordeko kidea dela gogoratu zion. «Gai zerrendako gaietako bat Barberari omenaldia zen, bi legealditan erakundeko presidentea izan baitzen eta kargu horretan udalerrien eskubideen alde lan egin baitzuen».
EAJko zinegotziak gobernu batzordeak Barbera omentzea aho batez onartu zuela esan zuen. «Erabaki horretan parte hartu duzu eta, horrenbestez, zumarragar guztiok parte hartzaile egin gaituzu. Zergatik ez da osoko bilkuran aztertu Zumarraga FEMP-eko kide izan behar den ala ez? Zergatik babestu duzu omenaldia?».
Idazkariak Zumarraga 1997tik FEMP-eko kidea dela eta Eudeleko kidea izateko ere ez zela gaia osoko bilkurara eraman esan zuen.
Serranok erakunde horretako kide izatea diru laguntzak lortzeko ona dela esan zuen. «Diru laguntza bat lortzeko egin ginen kide eta behar den toki guztietara joango naiz diru laguntzak lortzeko. Azken urteetan 13 milioi euro lortu ditugu erakunde ezberdinetatik. Hori ez da lortzen halako gai arinez hitz egiten. Oraintxe bertan, Inaziotar Biderako diru laguntzak lortzekotan gaude, FEMP-eko kide izateari esker».
Peñagarikanok bereari eutsi zion. «Gure alkateak, argazkietan azaltzeagatik edozer egiten du. Ez gaude ados FEMP-en egotearekin eta Barbera omentzearekin».
Serranok batzuetan gogo gehiagoz eta beste batzuetan gogo gutxiagoz joaten dela, baina ordezkari instituzionalek halako ardurak dituztela esan zuen. «Aukerak galduko al ditugu FEMP-en ez egoteagatik? Nori eskatuko dizkiote kontuak?».
EH Bilduko Inma Albisuak bera gustura ez dagoen tokietara ez dela joaten esan zuen. «Ez dut argi ikusten zein onura ekartzen dizkion Zumarragari erakunde horretan egoteak».