EH Bilduk egindako proposamenari ezezkoa eman diote EAJk eta PSE-EEk, zentzurik ez duela argudiatuta
Aralarren ikuspegi orokorra. Arg.: Mikel Albisu
Gipuzkoako Batzar Nagusiek ez dute Aralar Natur Parkeaz hitz egiteko batzorde berezirik sortuko. Hala erabaki zuten atzo, Ekonomia eta Landa Garapenerako Batzordearen bileran. EH Bilduk pasa den astean aurkeztu zuen proposamena, baina kontra agertu dira EAJ eta PSE-EE, eta bertan behera gelditu da egitasmoa.
EH Bilduk Aralar Natur Parkearen etorkizuna sektore ezberdinen artean adosteko aukera “blokeatu” izana aurpegiratu die EAJri eta PSE-EEri. Hala, “akordioari ateak itxi” dizkiotela eta pisten eraikuntzan aurrera jarraitu nahi dutela salatu dute, nahiz eta horrek “gatazka soziala eta ondorio txarrak” areagotuko dituen. EH Bilduren ustez, “irtenbide bakarra kudeaketa egokia eta parte hartzerako kanalak irekitzea” litzateke, eta elkarrizketarako deia egin diote Foru Gobernuari.
EAJk, bere aldetik, Enirio-Aralar Mankomunitatearen Kudeaketa Planak “eragile eta herritar ororen partaidetza” bermatzen duela azaldu du, eta horrenbestez, EH Bilduk proposatutako taldea osatzeak “inongo zentzurik” ez duela. Hala esan du Jabier Altuna batzarkideak, eta kudeaketa plan hori “demokratikoki hartutako erabakia” dela gogorarazi du. “Orain, planaren gauzatzea, araudiak agindutakoari jarrituz egitea administrazioari dagokio”.