Lazkaoko EH Bilduk "planto" egin dio udalbatzarrari, mahaitik jaikita
Lazkaoko Udalbatzan protesta ekintza sinbolikoa egin zuten EH Bilduko zinegotziek, atzo iluntzeko ohiko osoko bilkuran. Udal mahaitik jaiki, eta batzarrari «planto» eginez, publikoarentzat egoten diren aulkietan eserita jarraitu zuten bilkura.
Udal gobernuak (EAJ)oposizioarekin daukan jarrera salatu dute, «eta udal kudeaketaren parte» direla gogorarazi du. EH Bilduk atzo argitu zuen iritzia: «Beraien erabakien begirale soil izan gaitezen nahi dute. Beste herritar eta talde politikoak inongo iritzi, eztabaida edo erabakitze espaziorik gabe uzten gaitu. Informazio truke falta, batzordeetara ezjakintasunez joan beharra, lanketa eta eztabaida ezintasuna bistaratzen dute».
EH Bilduk «baldintza duinak» eskatu dizkio EAJk gobernatzen duen udalari, «akordioetara iristeko edo oposizioan jarduteko». «Gu ere udal honetako partaideak gara», ohartarazi du.
Jarrera «errepikakorra» dela gehitu du, eta koalizioak planteatutako gaiek erantzunik ez dutela jaso. «Udal gobernuaren kudeaketa, dokumentazioa banatu eta plenorako bidea egitea da, nahieran». Batzordeek partaidetza sustatzeko eta herritarrak inplikatzeko zailtasunak dituztela, eta jarrera aldaketa eskatu du.