Goierriko lan munduko hainbat eragilek bat egin dute egitasmoarekin. Eskualdeko lantegi nagusietan, 2.000 sinaduratik gora bildu dituzte dagoeneko.
Goierriko langile mugimenduko ordezkaritza baten bidez, Euskal Herri mailan zabaldutako Ireki mugimendua eskualdera iritsi da. Preso eta iheslariak “etxeratzeko bidea irekitzea” helburu hartuta, erronka bat jarri diote beraien buruauri: 150.000 sinadura biltzea. Horretarako, lantegiz lantegi atxikimenduak jasotzen hasi dira, eta dagoeneko Goierriko lantegi nagusietan egindako bilketan, 2.000 sinaduratik gora lortu dituzte.
Gaur Ordizian egin duten agerraldian, “euskal preso eta iheslarien egoerarekin oso kezkatuta” daudela azaldu dute Ireki Goierri egitasmoko ordezkariek. ETAk behin betiko su-etena eman zuenetik 5 urte pasa diren arren, presoen egoera ez dela aldatu salatu dute. “Balorazio sakon baten ondoren ikusi dugu, azken urte hauetan lan munduan gai honen inguruan ez dela askorik egin eta gure plangintzetan ez dugula behar bezala txertatu gaia”.
Langileek beraien arloan “erronka handiak” badituzte ere –Jasoko langileen egoera ekarri dute gogora–, “preso eta iheslariak etxeratzeko” bidean asko egin dezaketela uste dute. Horretarako arrazoi asko daudela azaldu dute, baina bitan laburbildu dituzte: batetik “arrazoi logikoa” deitu dutena; alegia, “garaia delako”. “Historikoki gatazka armatu baten ondoren, mondu guztian epe laburragoan preso eta iheslariak etxera bidean jarri direlako adostu izan diren modu ezberdinetan”. Bestetik, “langile arrazoia” dela eta: “Langileon bultzada behin baino gehiagotan erabakigarria izan delako. Horregatik, potentzial hau aprobetxatu nahi dugu”.
Euskal Herri mailan 150.000 sinadura biltzeko asmo horretan, datozen asteetan ere Goierriko hainbat lantegitan sinadura emateko aukera izango dela gogorarazi dute.