Uema mankomunitatean sartzea onartu du Gabiriako Udalak
Gabiriako Udala Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (Uema) kide izango da. Otsailaren 13ko ohiko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak elkargoan sartzea. Uemak batzar nagusian onespena eman ondoren egingo da, formalki, Gabiria kide. Hurrengo batzarra ...
Goierriko 12. herria izango da Gabiria Ueman. Urtarrileko batzarrean sartu zen azkenekoa, Ataun. Iaz, Legorreta bihurtu zen kide. Denera, 82 udalerri daude orain, eta 240.000 biztanle bizi dira eremu horretan.
Gabiriako Udalak euskara bultzatu nahi du, neurri horrekin. Kanpotik bizitzera joandakoei hizkuntza ohitura hartzen lagundu nahi diete, eta bertakoek utz ez dezaten lan egin.
Azkeneko inkesta soziolinguistikoaren arabera (2011 egina eta 2013an argitaratua), Gabirian euskaldunak %87,9 dira. Datu altua den arren, urtetako martxa beherantz doa: 2001-2011 epean 6,8 puntu egin du jakintzak behera, eta 1981-2011 epean 7,2.
Lehen hizkuntza euskara %81ek dute; 2001ean %95ek eta 1991n %97,9k zuten bitartean. Etxeko erabilera ere dezente jaitsi da: 2011n %73,9k egiten zuen euskaraz etxekoekin; 2001ean %88,6k, eta 1991n 96,2k.
Frontoiko araudia onartua
Otsailaren 13ko udalbatzarrean, Alkainburu pilotalekuko erabilera araudia ere onartu zuten. Herri eskolakoentzat eta pilota eskolakoentzat erreserbatuta egongo da frontoia, astelehenetik ostiralera 10:00-14:15 eta astelehenetik igandera 15:00-18:00 tarteetan. Ordua herritar erroldatuek soilik erreserba dezakete (astean gehienez bi ordu), eta bertakoren bat jokatzera joandakoan kanpokoak ari badira, 15 minutu izango dituzte uzteko.
Hilerriko ordenantza ere onartu da. Herrikoei edo erroldatuei kostuaren erdia kobratuko zaie, 2018tik aurrera. Besteei, %100.
Zaborren gaian, organikoa norberak etxean egitea bultzatuko du udalak. Egiten ez duenari, tasa bikoiztuko zaio, 2018tik.