Segurarren iritziak, zalantzak eta ekarpenak jasoko dituzte martxoan atariz atari egingo dituzten bileretan. Hiru hilabeteko prozesua izango da. Bi herri batzar ireki egingo dituzte

Xexeri auzoko konposta gunea.
Segurako Udalak hondakinen gaiaren inguruko hausnarketa egingo du martxoa eta maiatza bitartean. Eñaut Telleria alkatearen esanetan hausnarketa horren bidez, herritarren hitza eta iritzia jaso, eta kontsentzuzko proposamena egin nahi dute hondakinen gaiaz.
Ahalik eta herritar gehienen iritzia jasotzeko helburuarekin, martxoan, 17:30etik 20:30era atariz atari joango dira udal ordezkariak Joseba Sanchez ingurumen teknikariarekin batera. «Hasieran herritarrak mahai batera ekarri nahi izan genituen, baina pentsatu dugu gu herritarrengana joatea». Bandoaren bidez zehaztuko dituzte atari bakoitzeko bilera egunak eta orduak. «Bilerak motzak izango dira, 20 minutukoak; orain arteko egoera eta orain arte egin duguna azaldu, eta herritarren iritzia jaso nahi dugu. Herritarren zalantzak eta hobekuntzak jasotzeko fasea izango da». Ondoren, apirilean, lehenengo herri batzar irekia egingo dute.
Jarraian, hilabete bat hartuko dute jasotako ekarpenak aztertu eta erantzun bat emateko: «Onartu direnak zergatik onartu diren, onartu ez direnak zergatik ez diren onartu… Maiatzean, ekarpen fasea bukatzeko, bigarren herri batzar irekia» egingo dute. «Onartutako ekarpenekin eta legalki bete beharreko arauak ikusita, proposamen bat egingo dugu», gaineratu du Segurako alkateak. Kontsentsuzko proposamena izatea nahi du Telleriak: «Zalantza daukagu nola berretsiko dugun. Kontsentsuzkoa izango da».
PROZESUAREN EGUTEGIA
Azterketa fasea
· 2016 urtean zehar. Herriko hondakinen kalitatearen eta kudeaketaren azterketa egin dute.
Azalpen fasea
· Martxoan. Egindako azterketaren emaitzak azalduko zaizkie herritarrei atariz atari eta herritarren ekarpenak eta zalantzak jasoko dituzte.
Ekarpen fasea
· Apirilean. Aste Santuaren aurreko astean, apirilaren 3tik 7ra bitartean herri batzar irekia egingo dute: «Jasotako ekarpenak aztertu, ebaluatu eta onartuko ditugu elkarrekin».
Erabakitze fasea
· Maiatzean. Herritarren ekarpenetan oinarritutako proposamen adostua osatuko du udalak eta bigarren herri batzar irekia egingo dute.