Zuhaitz eguna ospatu dute gaur Gabirian
Zuhaitz eguna ospatu dute gaur Gabirian. 2011an egin zuten lehenengo aldiz, eta urtetik urtera jende gehiago animatzen da parte hartzera. Aurtengoan gainera, zuhaitz landareak banatu dituzte baserritarren artean. Bertako espezieak berreskuratu asmoz 200 pago eta beste 200 haritz banatu dituzte 18-20 baserritarren artean.
Bestalde, haurrek ere izan dute beren protagonismoa gaurko egunean. 20 haur inguru, herriko plazan bildu dira udaletxeko balkoian dauden loreak aldatzeko. Hango lanak amaituta, zuhaitz landareak landatu dituzte herriko hainbat puntutan.
Amaitzeko, indarrak berreskuratzeko, mokadutxo bat jan dute. Iñaki Etxezarreta, Gabiriako alkatea “oso pozik” agertu da, aurtengo zuhaitz egunak izan duen erantzunagatik.