Iaz, automobilismo lasterketetatik etenaldi luze bat bukatuta, Gabiria-Legazpiko Rallyesprinta irabazteko itzuli ziren Enrique Barrenetxea-Arando eta Anartz Onandia bizkaitarrak. Atzo, nagusitasun berberarekin errepikatu zuten garaipena, 19. Gabiria-Legazpi Rallyesprintean. Hiru erlojupekoak Barrenetxea eta Onandia bikoak irabazi zituen, Mitsubishi Evo IX autoarekin. Euskal Herriko auto lasterketen egutegiko lehenengo proba izan da, eta milaka ikusle bildu dira Gabiriatik Legazpirako errepidean.
Enrique Barrenetxea-Arando eta Anartz Onandia garaileak, atzo, Mitsubishi Evo IX ahaltsuarekin./Eduardo Maturana-EAF
Errepidea artean garbi zegoela baliatuta —lehenengo irten zen haien autoa—, aurreneko erlojupekoan denbora oso ondu zuten (4:34,6). Atzetik Jon Casais-Xabier Altube sailkatu ziren (Megane F2000), 12 segundora, eta Gorka Antxustegi-Mirari Arruti hirugarren (Suzuki Swift Sport), 13 segundo eskasera.
51 kotxek hasi zuten lasterketa, eta arratsaldea aurrera joan ahala, ohi bezala, asko zikindu zen errepidea. Denbora ez hain onekin, baina Barrenetxeak 2. erlojupekoa 4:43,8 minutuan itxi zuen, eta azkenekoa 4:48,7an.
Barrenetxea-Arandok eta Onandiak bigarren garaipena dute jarraian Gabirian (denera 14:07,16 minutu). Atzo, 2. postuan Casais-Altube geratu ziren (22,7 segundora), eta hirugarren Antxustegi-Arruti (27,09ra). 38 taldek bukatu zuten lasterketa.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.