Josema Azpeitiak eta Ritxar Tolosak sortutako aldizkariaren ale berezia aterako da ostegunean
Etzi kalean izango da
Ondojan aldizkariaren 150. zenbakia. Josema Azpeitiak eta Ritxar Tolosak aldizkariaren sortzaileek alea aurkeztuko dute Aratz erretegian, Donostian, 20:00etan.
Aldizkariaren ibilbidea 2003an hasi zen eta honezkero «200. aleari begira» daudela dio Azpeitia legazpiarrak. Edonola ere, 150. alea ospatu nahi dute eta ale berezia aterako dute.
Ale berezi horrek 100 orrialdetik gora izango ditu. Bertan ohiko artikuluak izango direla agindu du Azpeitiak, hala nola:
En portada, Grandes Mesas de Euskal Herria, Comiendo con, A la carta, Al dente… –aldizkaria gazteleraz argitaratzen dute–. Alea Gipuzkoako Jatetxe Gida zabal batek osatuko duela adierazi du Azpeitiak, «hileko aldizkaria baino are praktikoago bihurtuz ale hau». Horrez gain, 150. alean 30 lagun inguruk, denak gastronomia, ostalaritza eta turismoarekin loturakoak, aldizkariari buruzko iritzia emango dute.
Gonbidapen irekia
Etziko aurkezpenaren ondoren Aratz erretegiko Zabaleta anaiek luntx bat eskainiko dute. Azpeitiak aurkezpenera lagun eta interesa duen edonor joan daitekeela esan du, «hala bakarrik nola lagun gehiagorekin».