Larunbatean, inauteri festa girotzeko, pilota eta korrika desafioa egin zuten Lazkaoko bi gaztek. Beñat Azketak irabazi du apustua, Imanol Sotori 6 minutu aterata. Fronteniseko emaitzak baldintzatu du proba.

Imanol Soto eta Beñat Azkena, apustua bukatu eta gero. // Aimar Maiz
Denbora joan arren, eta bizimodua ederki aldatuagatik, badira gauza batzuk errepikatzen direnak. Pertsonen arteko apustu grina da bat. Indarrak neurtzeko afizioa. Larunbatean, Lazkaon izan zen proba bat. Lagun giroan eta dirurik tartean ez zela. Baina ikusmina piztu zuen, beti delako erakargarria jokoa, baita jolasa denean ere.
Gazte asanbladakoek antolatutako inauteri festaren erdian, aparteko giroa jarri zuen pilota eta korrika norgehiagokak. Bi gazte plazan: Beñat Azketa pilotaria, eta Imanol Soto korrikalari abila. Indarrak neurtzeko oreka bilatu beharrez, bi diziplinak uztartu zituzten: lehenik frontenis partida 22 tantora, eta gero korrika Lazkaoko plazatik Esparru mendira (773 m) joan-etorria (577 metroko desnibel positiboa, 9,8 km-ko distantzia luzeran).
Pilotako aldea erabakigarri
Aurrena, plazako pilotalekuan erraketekin frontenisean jokatu zuten. Azketa aise nagusitu zen, 22 eta 5. Diferentziako tanto bakoitzeko 50 segundoren abantaila irabazi zuen, hala zegoen arauetan aurrez ezarrita eta. 14 minutu pasako aldea lortu zuen, beraz, korrikarako. Erabakigarria izan zen tarte hori. Jakina zen Soto korrika hobeto moldatzen dela, baina ezin izan zion hainbesteko puska jan.
Azketa abiatu, eta 14 minutu zain egon ondoren, txistuan ekin zion Sotok ere Esparrurako joan-etorriari. Izarbasorako —Lazkaotik gora azkeneko baserria— bi minutu kenduak zizkion Sotok aurretik zihoan Azketa aurkariari: 12 minutu.
Baina ondo administratu zuen Azketak abantaila, eta hura iritsi zen plazara lehenengo. Ordubetean igo eta jaitsi zen Esparrutik. Soto 6:05 minutura iritsi zen —hark 53 minutu pasatxoan egin zuen buelta—.
Lazkaon ez da oraingotxeko neurgailua Esparru. Jendeak gogoan du, oraindik, duela hamarkada batzu-batzuk Luis Baztarrikak nola irabazi zion korrika apustua Jose Joakin Irizarri. Harrigarriki, Baztarrikak 51 minutuan egin zuen Esparruko bira.