Xabier Ibarguren pilotari lazkaotarra
Xabier Ibarguren eta Azeari Andonegi Oianguko pilotariek EH Ligako finala jokatuko dute datorren asteburuan, pala motzez. Ibargurenek eta Andonegik Oiartzungo Txost taldeko bikotea hartu zuten mendean, joan den larunbateko finalerdian. 40 eta 30 nagusitu ziren Ordiziako Beti Alai pilotalekuan. Bikoteak joko sendoa erakutsi du txapelketan, eta joko ona egin beharko du finalean ere, Sopelako Kureneren kontra, txapela Goierri aldera ekartzeko.
Hain zuzen, Kureneko bikoteak kanporatu zituen Oianguko Aitor Luzuriaga eta Jose Manuel Garrido, beste finalerdian. Bikoteak txapelketa ederra egin du eta finaleko atarian gelditu da azkenean, bizkaitarren kontra 40 eta 25 galduta.
EH Ligako finala igandean jokatuko da, Armintzan (Bizkaia), 11:30etan.
Udaberri txapelketa
Udaberri txapelketa ere azken txanpan sartua da. Bi jardunaldi besterik ez dira falta finalaren aurretik eta Goren Oiarbide eta Mikel Arantzegi sailkapen postuan daude; taldeko bigarren dira. Larunbatean, Aitor Otegi eta Gorka Berasategi taldekideen kontra jokatuko dute, 11:00etan, Ordiziako Beti Alai pilotalekuan. Otegik eta Berasategik joan den asteburuan galdu egin zuten Unai Alberdi eta Iñaki Aranbururen kontra, 35 eta 29, eta garaipena ezinbestekoa dute sailkatzeko aukerei eutsi nahi badiete.
Alberdik eta Aranburuk, berriz, talde buru diren Debako Euskal Jolasen kontra jokatuko dute etxetik kanpo. Haiek ere ezinbestekoa dute garaipena sailkatzeko aukerekin jarraitzeko. Debakoak indartsu daude, baina aurreko jardunaldian Oianguko Josetxo Erizek eta Iñaki Agirrek irabazi egin zieten, 35 eta 20