Ibarguren eta Andonegi EH Ligako txapeldun pala motzean
Xabier Ibarguren eta Azeari Andonegi EH Ligako txapeldun dira, pala motzean. Sopelako Kureneri gailendu zitzaizkien, 40 eta 34, joan den igandean Armintzan jokatu zuten finalean.
Partida aldapa gora jarri zitzaien hasieratik Oiangukoei. Andonegik ez zuen asmatzen pilota paretara baztertzen, eta Sopelakoak, eskuinez pilotari abiada emanez nagusitu ziren jokoan. Ibargurenek tantoa amaitzeko ahaleginak egin zituen arren, aukerak nahikoa landu gabe, erremateak ez zitzaizkion sartu. Sopelakoak 28-12 jarri ziren aurretik.
Sakea berreskuratuta, partidari buelta ematea lortu zuten, ordea. Bizkaitarrak ongi aritu ziren defentsa lanetan, baina alperrikakoa izan zen. Andonegik ez zuen pilotarik galdu, eta ezkerra indartsu astindu zuen. Piloteo bizian, Ibargurenek ederki eutsi zion partidaren erritmoari amaieran ere.
Oianguko pilotariek joko sendoa egin dute txapelketa osoan. Xabier Ibarguren aurrelariak, gaztea arren, teknika handiko pilotaria dela erakutsi du. Ederki jokatzen du bi besoekin eta finalean, lan handia egin du pilota zail askori eutsita. Azeari Andonegik, berriz, ibilbide oparoa du egina palaz, eta bere eskarmentua garrantzitsua izan da bikotearen jokoa trinkotzeko. Ezker indartsua du Andonegik eta harekin lortu du piloteoan nagusitzea.
Udaberri txapelketa
Estu iritsiko da Udaberri txapelketako sailkapena azken jardunaldira, eta Oianguko bi bikoteren artean izango da finalerako txartela. Goren Oiarbidek eta Mikel Arantzegik azken partiduan jokatuko dute sailkatzea, Debako Euskal Jolasen aurka. Taldeko buru direnei irabazten badiete, finalean izango dira Debakoekin batera. Galduz gero, Aitor Otegik eta Gorka Berasategik jokatuko dute finala.
Aurreko asteburuan, Otegik eta Berasategik irabazi egin zieten Oiarbideri eta Arantzegiri, 35 eta 15. Emaitzak estutu egin du sailkapena, eta, finalean sartu ahal izateko, irabaztera behartuko ditu Oiarbide eta Arantzegi.
Bestalde, Unal Alberdi eta Iñaki Aranburu 25-35 gailendu dira Euskal Jolasen aurkako norgehiagokan, Debako pilotalekuan. Alberdik eta Aranburuk behetik gora jarraitzen dute, eta taldeko lehen sailkatua hartu dute mendean. Oso maila txukuna ari dira erakusten txapelketaren azken txanpan